GARA > Idatzia > Kultura> Musika

«Waka Waka»

 

 

Anartz Bilbao

Musikazale

Bada hilabete ditxosozko Munduko Futbol txapelketa atzean utzi genuela, eta ez lagunok, ez dut utzi zizkigun aje «abertzale-rojigualdoez» berbetarik egingo.

Baina bete-betean uda umel doan honetan, bada FIFAren negozioak utzitako hondarrik oraindik gurean -Afrika izan edo ez izan-. Nerabezaroan hulahop dantzan gogoz trebatu zen Shakiraren «Waka Waka» kantuari buruz ari natzaizue, kolonbiar neskato irribarretsuak Golden Sounds kamerundar taldearen «Zangalewa» kantuarekin sortua (inspirazio, omenaldi edo lapurreta?).

Izan ere, telebista eta irratietako saioak etengabe udako abestiaren peskizan dabiltzan honetan -kantua behin eta berriro entzutea da gaur eguneroko ogia, eta dibertsitate musikala zoro batzuen kontua baino ez da- Shakirak Hegoafrikako sarao erraldoirako egindako kantua gailendu dela dirudi. Guri behintzat, atzo hiruzpalau alditan entzunarazi ziguten lankide baten irratian, lanordu gutxi batzuen tartean.

Eta kantuaren balio zein edertasuna zalantzan jarri barik -ez gara horretara ausartuko, Beyonce, Lady Gaga eta Shakiraren beraren aldeko taldekoak gara eta-, bideoklipa da lerrootara ekarri nahi duguna. Bai lagunok, entzumena alde batera utzi eta ikusmen ariketa bat da proposatzeko duguna. Guk geuk Youtuben egin genuena, bestalde oso ohikoa ez duguna.

Beraz, koloreak baino soinuak entzutearen zaleago garen arren, «Shakira `Waka Waka'» Youtuben idatzi, eta... sorpresa!, hara zer aurkitu dugun. Bagoaz bizkor -eta pozik- inguruko guztiengana, «begira, begira», dagoeneko ospetsua den bideoa parean aurkitzen dugun orori erakutsi edo ikusaraztera. Bada inor ez da konturatu detaileaz -neska zein mutil, dantzari ederrei so daudelako-, eta bigarren buelta batean kontua argitu behar izan dugu. Azal kolore ezberdineko emakume ederrez osatutako boskotean Shakirak aldakak astintzen dituen bitartean, horra non agertu zaigun gitarra jotzaile beltza, guk H&M-n 15 eurotan erosi genuen alkandora koloretsu bera ez baina bai berdina jantzita (goiko argazkian soinean daramagun hori) -ipuina baieztatzeko, jo 2´15etik 2´25 minutura-. Globalizazio kontuak zer diren! Musikarako ez dakigu, baina Shakira lirainak gustu bikaina du jantzi kontuetan, gizonezkoen alkandoratan bederen.

Eta horrelako umekerietan, badoa lanean harrapatu gaituen opor sasoia, «Urtsua uda», aldakei eragiten gainera: «uaka uaka».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo