Bisitarik egin gabe itzuli da etxera hiru presoren ama, 2.300 kilometro egin ostean
Miaketak direla medio, igaro den asteburuan hamaika izan ziren aurreikusitako bisita izan ez zuten presoak. Gallastegi anai-arreben ama haiek ikusi ahal izan gabe itzuli zen etxera, 2.300 kilometro egin ondoren.
GARA | DONOSTIA
Miaketak direla medio, Estatu espainolean preso dituzten euskal herritarren senideek aurrez aurreko bisitarik gabe geratzen segitzen dute zenbait espetxetan. Etxeratek bildutako datuen arabera, igaro den asteburuan hamaika izan ziren euren bisita galdu zuten euskal presoak. Horietako bost Almeriako espetxean jazo ziren, eta besteak, Cacereseko presondegian, Castelló, Puerto I, Herreran, Almerian eta Alacanten.
Bereziki esanguratsua da Orkatz Gallastegi, Lexuri Gallastegi eta Irantzu Gallastegiren auzia. Hirurak anai-arrebak dira eta bakoitza presondegi batean egon arren (Castelló, Alacant eta Almeria, hurrenez hurren), hirurak bisitatzera joan zen asteburuan euren ama, Paule Sodupe. 2.300 kilometro egin ostean, ordea, hiru aurrez aurrekoak ukatu zizkioten, ukipenezko miaketarik onartu ez zuelako. Seme-alabak besarkatu gabe bueltatu zen etxera Sodupe.
Iazko urrian jarri zuten neurri hori indarrean, hau da, aurrez aurreko bisitak egin ahal izan ditzaten, senideei gorputza haztatuz miaketa egiteko agindua; eta horri uko egiteagatik, aurrez aurreko bisita franko galdu izan dira harrezkero.
Miaketez gain, espetxe atarietan indar polizialen kontrol zorrotzak jasaten dituzte maiz senideek. Horren lekuko azken asteetan Jon Enparantzaren senideek bizitakoa. Etxeratek adierazitakoaren arabera, Enparantzaren anaiak Guardia Zibilaren «kontrol bortitza» pairatu zuen espetxe inguruan, guardia zibilek albo batera eraman, bere ideologiaren inguruan galdekatu eta Enparantzaren kontrako irainak jaurti zituztela salatu du. Ez da, gainera, Enparantza familiak jasan behar izan duen kontrol bakarra.
Mobilizazioak
Bestalde, protesta ugari izan zen atzo presoen alde. Ostegunean 17 lagun bildu ziren Iruñeko Iturrama auzoan eta 52 Txantrean. Atzo, Bilboko Sabin Etxearen aurrean 90 batu ziren; Lekeition, 137; Zarautzen, 130 (lagun bat identifikatu zuen Ertzaintzak); Getarian, 34; Mundakan, 36; Ondarroan, 262; Lazkaon, 48; Galdakaon, 40; Oreretan, 172; Aulestin, 48; Berriozarren, 40; Beran, 10; Orion, 35; Iruñean, 230; Gatikan, 7; Deban, 40; Hernanin, 175; Gasteizen, 194; Donostian, 280; Baztanen, 20; eta Etxarri-Aranatzen, 62.