GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Txupinazo jendetsuan, aldarrikapenak eta bestak bat egin zuten atzo Burlatan

Atzo ekin zieten burlatarrek astebete iraunen duten jaiei eta, bestarako ez ezik, aldarrikapenerako tartea ere aurkituko dute herritarrek urtero legez. Horren adibide, euskal preso politikoen aldeko brindisa.

p023_f02_148x104.jpg

Izaro ARBILLA |

Lainoek euria iragartzen bazuten ere, burlatarrek gogotsu hasi zuten atzoko eguna, eta ez da harritzekoa prestaturik duten egitaraua ikusita. Astebete iraunen duten jaiei ekin zieten atzo goizean herritarrek eta bestarako ez ezik, aldarrikapenerako tartea ere aurkituko dute herrian.

Txupinazoa 11.45ean bota zuten Larrainetako plazatik. Aurtengoan, sortu zeneko 30. urteurrena betetzen duela-eta, Euskal Herrian Euskaraz-ek izan du programa alternatiboari hasiera emateko ohorea. Plaza beterik zegoen, espero baino jende gehiago hurbildu zen eta «oso pozik» zirela aitortu zuten.

Larrainetako plazatik udaletxera hurbildu ziren, 12.00etako txupinazora. Bertan ere haien presentzia nabaria izan zen.

Txistorra-jatearen txanda heldu zen horren ostean. «El pufo» plazan bete zuten sabela.

ANVko zinegotzi Maite Ezkurrak jakinarazi zuenez, udaletxeko balkoira igo ziren ikurrinarekin, eta jartzea ere lortu zuten, baina gero apenas minutu batzuk iraun zuen jarrita, urtero legez. Aurtengoan PPko zinegotzi batek hartu zuen eta berarekin eztabaida lasaia izan arren, azkenean ez zuten ikurrina bere tokira bueltatzea lortu.

Diru laguntzei dagokienez, urtero nahiko justu ibili ohi dira peñak, baina aurtengoan hori ere ez, izan ere, Udaleko arduradun baten deia jaso dute oraingoz diru laguntzarik ez dutela jasoko jakinarazteko. Jaiak bukatutakoan, balorazio bat eginen dutela eta akaso orduan eskainiko dietela esan diete. Dena den, peñek egitaraua aurrera aterako dutela jakinarazi dute.

30 urte betetzen ditu aurten Euskal Herrian Euskarazek. Burlatan 4 kidek dihardute lanean eta orain dela bost urte sortu zen taldea herrian.

«Gustu handiz hartu dugu», aitortu zuen Oihana Torregrosak; hasieratik dago Burlatako taldean, euskararen defentsan lanean.

Urtero gai nagusi bat izaten dute lan ardatza; aurtengoa ikaskuntza izan da. Herrian haur eskola bat ireki berri dute eta ez dute D eredua jarri. Ikaskuntza da haien «borroka berezia»; «Nafarroan TIL eredua asmatu dute eta horren arabera nahi dutena egiten dute».

Badute zereginik

Burlatan euskarak duen lekua zoriontzekoa ez den arren, Iruñerriako egoera kontuan hartuta, ezin direla kexatu azalduzuen Oihanak. Urtetik urtera hobera doala aitortu du, baina errealitatea zaila dela dio.

Udalaren lana arlo horretan eskasa bada ere, jendeak ez duela behar beste erabiltzen baieztatu zuen.

Astero elkartzen dira herrian, eta beste eragileekin aritzen dira lanean. Guztiek batera hainbat ekintza antolatzen dituzte, hala nola Olentzeroren gaua, inauteriak...

Hastapenetan kide ugari ziren, baina ez da urtero horrela izan. Aurten lau lagun ari dira lanean eta ezin direla kexatu dio Oihanak, iaz bi bakarrik baitziren. Nolanahi ere, taldearekin bat egitera dei egiten diote jendeari.

Kontzertuak, antzerkia, parodia... denetarik gozatzeko

Euskal Herrian Euskaraz-ek hainbat ekintza prestatu ditu jaietarako. Deigarriena, atzo arratsaldeko seietan egin zuten parodia izan zen. Burlatan ireki berri duten haur eskolan D eredua jarri ez izana salatzea zuten helburu. Abuztuaren 20an, Euskaraz Bizi Eguna ospatuko dute eta herriko gainerako eragileekin batera egitarau oparoaz gozatzeko aukera paregabea izanen da Burlatan. Eguerdiko 12.00etan umeentzako ikuskizuna izanen da udal parkean hots, «Txanogorritxo Rock». 14.30ean Karrikagoitin, bazkari herrikoia italiar erara. 17.30ean oroitarrira joateko topaketa zezen-plazan. 19.00etan herri kirolak Larrainetan. Eta iada gau partean, euskararen aldeko afaria Floiraken. Kontzertuak izanen dira egunari amaiera emateko.

Gauero kontzertu estilo ezberdinez gozatzeko aukera izanen dute Burlatako herritarrek: gaur, DJ Alberto; gauero, Guatekea DJ Txulorekin; astelehenean, Karrikagoitin, Atiende Power eta Ghoa; heavy gaua ere eginen dute ostegunean; ostiralean, Manolowar, Bizardunak eta Arima Sutan arituko dira txosnetan. Beraz, ez dute Burlatan aspertzeko astirik izanen.

Txikienek ere izanen dute beraientzako prestaturiko hainbat ekintzaz gozatzeko premia. Gaur, adibidez, japoniar bonbak eta txokolate-jana, edota Korri, Xalto eta Brinko pailazoek, «Artista bat naiz ni» antzezlana eskainiko dute Axularren, arratsaldeko zazpietan. Asteartean, Txikien Eguna ospatuko dute, eta bazkaria eta mozorro lehiaketa eginen dituzte. I A

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo