GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Iñaki Petxarroman 2010/8/12 (BERRIA)

Langilea, etorkina

Portugaldarra zen, eta azpikontrata batean lan egiten zuen. Deus gehiago jakingo da hari buruz. Ze lan baldintzetan ari zen abiadura handiko trenaren lanetan? Zenbateko soldatarekin? Egunean zenbat orduz? Gutxieneko segurtasun neurriak betetzen ote zituen. Betetzeko aukera ematen ote zioten.

Atzo Duranan (Araba) AHTko lanetan hil zen gizona azpiegitura honetan ofizialki hil den bigarren langilea da. Lehenbizikoa Lukun hil zen 2008ko uztailean. Hura errumaniarra zen, eta azpikontrata batean ari zen lanean. Kasualiatea edo kausalitatea?

Azpiegitura handietan lanean ari diren behargin ugari lan baldintza oso txarretan ari direla salatu dute behin baino gehiagotan Euskal Herriko sindikatuek: lanaldi oso luzeetan eta soldata eskasekin. Horrelakoetan lanean aritzen diren gehienak ez direla euskal herritarrak ere adierazi izan dute, besteak beste, AHTko lanetan.

Kuriosoa da, zeren AHTa garapenaren eta aberastasunaren ikur moduan saldu izan dute agintariek. Eta, beharbada, arrazoia izango dute. Baina aberastasuna zeinentzat? Euskal langileentzat ez dirudi, azpiegitura horretan lanean ari diren gehienak kanpokoak badira. Lanean ari direnentzat ere ez, zer-nolako baldintzetan ari diren ikusita. Aberastasuna herritar gehienentzat? Hori ere ez dago argi, ze herritarren mugimendu oso gutxi (%0,7) egiten dira AHTak lotuko dituen hiriburuen artean. Aberastasuna naturarentzat ere ez, jakina, lurraldea zuloz eta hondakindegiz betetzen ari bada. Aukerak baztertu eta baztertu, zeinentzat da aberastasuna? Eraikuntzaren lobby-ak du, segur aski, erantzuna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo