GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Denboraldi-aurrea

Hautagai gehiago, ohiko hamaika postuak betetzeko

Caparrosek lau gizon izango ditu ezker hegalerako Jon Aurtenetxeren agerpenaren ondoren. Goialdean ere, eskaintza zabala du entrenatzaileak.

p041_f01.jpg

A.U.L. I

Soberan daudela esatea gehiegizkoa izan liteke, baina argi dago Joaquin Caparrosek aukeran dituela jokalariak hainbat posturako. Izan ere, lau gizon, borrokatuko dira ezker hegalean aritzeko, eta zerrenda luzeagoa da erasoari dagokionez.

Bestalde, Iñigo Diaz de Ceriok hegazkina hartu behar izan du minutuen bila, antza, Athleticen inoiz baino garestiago izango dira-eta. Caparrosek urtarrilean aurrelaria berreskuratzea espero duela adierazi du -«seinale ona izango da guztiontzat bueltatzen bada», esan zuen-, lehiakortasuna pizteko akaso. Ez ditu pospolo asko behar izango, Fernando Llorentek postua ziurtatuta duela kontuan hartuta, dozena erdi jokalari arituko baitira haren lagun izateko lehian. Gaizka Toquero -gainerakoekiko abantaila ederraz, iazko esperientzia ikusita-, Ion Velez, Oscar de Marcos, eta Ibai Gomez eta Igor Martinez etorri berriak merituak egiten saiatzen ari direla erakutsi dute denboraldi-aurrean. Azken partidan, Iker Muniain, itxaropen handia piztu duen jokalaria gehitu zaie lasterketan. De Cerio neguan itzuliz gero, zazpi gizon arituko lirateke lehian, horietako askok hegaletan aukerarik aurki badezakete ere.

Hegala da, hain zuzen, denboraldi-aurreko bigarren gudu-zelaia. Eta irabazle izateko orain arte hautagai nagusi Jon Aurtenetxe agertu den arren, badirudi Caparrosek ez duela inolako arriskurik nahi. Genovako lagunarteakoaren amaieran aitortu zuenez, gaztetxoaren agerpenak ez du ekarriko inoren irteera. Hau da, Koikili Lertxundik, Xabi Castillok eta Mikel Balenziagak taldean jarraituko dute. Zumarragarrak, hainbat aurrelarirekin gertatzen den bezala, moldaketan aurki dezake bere aukera. Entrenatzaileak, behintzat, minutuak eskaini dizkio udan hegalariaren aurretik kokatuz, postu horretan lehia txikia ez bada ere.

Hamaikakoan lekua dutela frogatzeko hurrengo aukera asteazkenean izango dute Las Gaaunasen, Athleticek eta Logroñesek jokatuko duten lagunartekoan, denboraldiko azken-aurrekoa bilbotarrentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo