GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Sutan jartzean probatzen...

Egun batzuk hemengo egunerokotasunetik kanpo eman ondoren, eta kanpo horretakoa bera hango egunerokotasun bihurtuta, etxera atzera. Beste klima batzuk sentitzeko aukera gauzatuta, etxeko aterpera berriro ere, tartean aireportuetako klima transgenikoa jasan behar izanda. Portzierto, batek daki non geratu den maleta! Autodeterminatzeko eskubidea ezagutu nion momentutik bere kasa dabil, zintatik zintara. Etxera heldu eta komunetik pasatu ostean, hara! mahai gainean dauden egunkari-meta biri eutsi! Ordenan heldu ere, askotan zaharrak diren berriei kronologikoan oratzeko asmoz. Eta hemen nago, mahaiaren albo batean, balizko berrien aurrean bakarrik, idazluma eskuan zer edo zer azpimarratzekoa banu, segituan egiteko. Natorren lekutik natorrela, eskeletatik hasteko bultzada etorri zait derrepentean barru aldetik, baina zertarako? galdetu diot barruari, nik ikusi nahiko nituzkeen eskelak ez dira, baina, egunkari hauetan agertuko!

Tira, orrira! Hau bai festa pila Euskal Herrian zehar abuztuan dena! Orri-kolpe batez egunkaria zen mardula erdira mehetu dut. Kiroletakoa kenduta, are gehiago mehetu ere. Tira, geratzen denari oratuko diot kanpoko agorraldiak utzitako jakin-minari bazka emate aldera. Horra, suteak nonahi albiste, han-hemen, airearen bero transgenikoa bera nahikoa ez balitz bezala. Celsius bera katedral baten itzalean ikusia dute nonbaiteko plazan, Fahrenheitekin batera, merkurioa bera zapi busti batera bilduta zutela, nork berea, jakina, eta bere graduak. Suteek ez naute harritzen, artillero dale fuego esanda, asko baitira horretara animatzen direnak; kale-borroka ofiziala. Udan su-etenik ez, basoak dauzkaten zuzenbide-estatuetan ere ez. Sutan jartzean probatzen da basoa; eta sua ere bai. Baina batez ere nolakoa den estatua probatzen da. Horra suaren lilura, xarma, elizetako kandelenetik harakoa. Orria pasa eta hara, meteoritoen euria! Ondorioz edo, ur-olde latzak Asiako alde batean, berriro ere. Eta lokatz-oldeak beste batean, berriro ere. Lokatza bera hodeietatik isurtzen den seinale edo, pentsatuko du ekonomistaren batek. Orria pasa eta Aitasantuak hurrengo ibilaldiko mezetan sarrera kobratuko duela! Amen. Horren azken entziklika buruan ez ninduke harrituko mezotan irteera ere kobratzeak. Sutan jartzen nau!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo