GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Iratxe Esnaola Arribillaga | Informatikan ingeniaria

Opor teknologikoak

Gero eta ohikoagoa da ordenagailua oporretara eraman behar diren gauzen zerrendan gehitzea. Estatu espainiarrean egin diren ikerketen arabera, egun, oporretara joaten direnen %56k ordenagailua gainean eramaten dute. Duela urte gutxira arte, telefono mugikorra egunero eta une oro gurekin eramatera iritsiko ginela sinistea pentsaezina zen. Baina hori ere iritsi zen. Eta ekintza arrunta da egun. Are gehiago, arraroa dena, mugikorrik ez izatea edota mugikorra izanda etxetik ez ateratzea da. Eta zer esanik ez oporretan. Zenbat jendek itzaltzen du mugikorra oporretan? Berdin da non gauden. Berdin da norekin edo zenbat lagunekin gauden. Oporretan izanda ere, «mundu errealarekiko» lotura ezin da galdu. Ezin da mugikorra deskonektatu. Konektatuta gaude, une oro, nahiz eta bisitatzen ari garen leku edo herrialdearen arabera, deiak ez erantzun. Mugikorra da, gurekin doa. Eta gurekin nahi dugu. Eta fenomeno hori, oso denbora gutxian, ordenagailuetara ere hedatu da. Horiek ez dira hain mugikorrak, baina eramangarriak dira eta, hortaz, horiek ere gurekin joan daitezke oporretara. Menpekotasuna sortzen dute eta menpekotasun hori mantendu eta areagotzeko moduan diseinatzen dituzte. Noski, nola bestela?

Ordenagailua ez da soilik Internetera konektatzeko gailutzat ulertzen. Treneko edo dena delako garraiobideko bidaia luzeetan gero eta ordenagailu gehiago pizten dira. Dela pelikula bat ikusteko, dela musika entzuteko, Internetera konektatzeko edota, horren faltan, mezu edota gutunen bat idazteko, beranduago bidaltzeko. Opor giroan, kanpin, aterpetxe edota tabernetan jendea ordenagailu aurrean ikusteak jada ez gaitu harritzen. Arrunta da. Ziur aski, horietatik gutxi ariko dira laneko kontuetan. Askok ezer gutxi egin ahal izango baitute dauden lekutik. Baina ordenagailua komunikaziorako oinarrizko tresnatzat sentitzen dugu. Gure komunikazio pertsonalerako zutabe garrantzitsu bezain ezinbestekoa bilakatu da.

Posta-elektronikoa erabiltzen dutenen %23 «menpekotzat» du bere burua. Eta gu, zenbat denbora egon gaitezke posta-elektronikoa begiratu gabe? Zenbat denbora eman dezakete Facebook-en erabiltzaile aktiboek euren profila elikatu gabe? Eta besteek zer idatzi duten ikusi gabe? Oporretan non dauden, zer egin duten irakurri eta ikusi gabe? Zenbatek idazten dituzte mezu motzak Twitter-en bitartez, une horretan non dauden edo nora iritsi diren edo nora doazen sarean zabaltzeko helburu soilarekin? Zenbat jendek antolatzen ditu bere oporrak bidean, Interneten bilatuz eta horren arabera erabakiz? Turismo bulegoetan horren eraginik igarri duten jakin nahiko nuke.

Inongo zalantzarik gabe, ordenagailuek eta, oro har, teknologiek gure komunikatzeko modua aldatu dute. Lan kontuetatik harago, gure eguneroko komunikaziorako tresna dira. Eta egunerokotasun komunikatiboa oporretan ere gertatzen da, errutinatik ateratzen bagara ere. Bizitza pertsonalerako behar komunikatibo berriak sortu dizkigute eta jada barneratu ditugu. Non gelditu ziren gutunak? Lehen bezainbeste postal bidaltzen al dira? Berehalako komunikaziora ohitu gara, denbora- eta espazio-dimentsiorik gabekoetara, eta, horrexegatik, hain zuzen, behar komunikatibo horiei guztiei erantzuteko tresnak gurekin behar ditugu, nonahi eta noiznahi.

Fenomeno hori, gainera, egungo telefono mugikorrekin areagotu egin da, ez baitira deitzeko eta mezuak idazteko soilik. Ez eta argazkiak ateratzeko ere. Mugikorretik posta elektronikoa begiratzea, Facebook elikatu eta irakurtzea, Twitter-en mezuak idaztea eta abar, eguneroko kontua da. Alegia, une oro gurekin eramaten dugun gailu horrek oporretan ez gaudenean ditugun jarrera teknologikoei eustea ahalbidetzen digu. Opor lekuaren arabera, gainera, ekintza garestia bilaka daitekeelarik.

Baina garestia ez soilik dirutan. Behar komunikatiboei erantzutearen prezioa ez baita soilik dirutan neurtu behar. Menpekotasun teknologikoa prezio altuko fenomeno soziala da. E-mail bat iristen den unean, badakigu iritsi dela. Irakurri egiten da. Eta denbora tarte batean e-mail-ik ez dela iritsi irudi badu, mugikorra begiratu ohi dugu hori horrela dela ziurtatzeko. Estresa sortzen du. Estu lotzen gaitu. Kate bat da. Baita Facebook eta Twitter elikatzeko wi-fi sare baten bila tematzen garenean ere. Lotuta gauzka. Menpeko.

Era berean, noski, ordenagailuek eta mugikorrek gure herrian eta nazioartean zer gertatu den jakitea ere ahalbidetzen dute. Zer jazo den eta zerk jarraitzen duen berdin. Zer eguraldi egingo duen. Bueltako bidaia lotzea edota bilera baterako data ixtea. Teknologiak, hortaz, ez dira berez menpekotasuna sortzen dutenak. Menpekotasunak norberarengan du jatorria. Menpekotasunaren iturria norberaren jarrera partikularra baita. Teknologiek informazioaren zabaltzea errazten dute, hartzeko eta emateko. Baina informazio hori noiz, nondik, nola, zertarako eta zein maiztasunekin eskuratu edota zabaltzea, erabiltzaileon eskuetan dago. Teknologien diseinua menpekotasuna elikatzeari begira dago, bai. Hori da zeharkako helburuetako bat. Gero eta txikiagoak dira, baina gero eta potentzia handiagokoak. Eta teknologien ekoizleen kontrol egoera horretan, betikoa: erabileran dago gakoa. Ez izan txotxongilo. Izan arduradun. Kontrolatu jarrerak. Erabili teknologiak, erabili nonahi, baina ondo eta neurrian erabili. Eta ondo pasa oporretan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo