1.800 milioi upel betetzeko adinako petrolio-hobia aurkitu dute Afganistanen
GARA |
Afganistango iparraldean petrolio-hobi handi bat aurkitu dute, bertako agintariek adierazi dutenez. 1.800 milioi upel betetzeko beste petrolio egon liteke, iturri ofizialek atzo adierazi zutenez.
«Hasierako kalkuluek adierazten dute ingurune horrek 1.800 milioi upeleko petrolio ekoizpena eman lezakeela, eta laster hasiko gara bertan lan egiten eta lehengaia ustiatzen», azaldu zion Efe agentziari Afganistango Meatzeko ministro Jawad Omarrek. Petrolio horren guztiaren merkatu-balioa 135.000 milioi dolarrekoa izango litzateke, egungo prezioak kontuan hartuta.
Petrolio-hobia Mazar-i-Sharif eta Shiberghan hirien arteko lekuren batean dagoela zehaztu zuen Omarrek berak, eta gaineratu zuen ministerioko langileak azken sei hilabeteetan AEBetako geologoekin lekua aztertzen aritu direla.
Iragan ekainaren 14an, Omarrek sei hilabeteko epean Afganistan hainbat metal eta mineral dauden meatze batzuk kudeatzen hasiko zela iragarri zuen, eta horien guztien balioa «hainbat bilioi dolarrekoa» zela ziurtatu zuen.
Urrea eta litioa
Ildo horretan, «The New York Times» egunkariak meatze horietan, besteren artean, oraindik ustiatu gabeko urrea, litioa -teknologia berrien industrian oso erabilia- eta beste mineral baliotsu batzuk zeudela jakinarazi zuen.
Afganistango ekonomiak urte luzeetan opioaren trafikoa izan du euskarri nagusi, eta bertan izandako gerra luzeen ondorioz ez du industria egonkorrik, baina herrialdean mineral eta metal kopuru handia zegoela susmatzen zuten agintariek. Alde horretatik, azken urteetan aberastasun hori neurtzeko hainbat ikerketa egin dira, baina orain arte ez zaie hori ustiatzeko lanei ra tinko heldu herrialdeak bizi duen egoera zaila dela-eta.
Azken aurkikuntza hau AEBek Afganistango gerrari azken bultzada eman dioten garai berean gertatu da.