GARA > Idatzia > Kirolak

Itsasoa

Surflariaren motxila Egunerokoan eta bidaian aldean eraman beharrekoak

Bi motxila behar ditu surflariak, bata eguneroko saioetarako eta bestea bidaietarako. Hona hemen zenbait aholku.

p038_f02.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA I

Abuztua dela-eta izango da bidaiaren bat prestatua duenik. Batzuek munduko leku exotikoenetara joango dira, besteak ez dira hain urrun joango, eta beste asko ez dira etxetik mugitu ere egingo. Hona hemen bidaiarako motxila prestatzeko ongi etor daitezkeen zenbait aholku.

Bi motxila behar ditu surflariak, bata bidaietarako eta bestea eguneroko jarduerarako.

Eguneroko motxilan eraman beharrekoak hauek dira: itsasoari buruzko argibideen taula, argizaria, belarrietako tapoiak, txikota soka, eguzkitako krema eta deribentzako giltza.

Itsasoari buruzko argibideen taula eskura izanda urteko egun guztietako mareen ordutegia eskura izango dugu edozein momentutan begiratzeko, ohikoa baita itsasaldiak zehatz zein ordutan diren ahaztea eta, horrela, marea igotzen ari delakoan uretara sartu eta jaisten ari dela konturatzea. Leku batzuetan akats itzela da hori, arroka lekuetan batez ere, marea puntu batzuetan ezin baita surfik egin.

Argizaria surflari oso gutxik eramaten dute gainean, beti eskean ibili ohi dira, baina ez luke horrela izan behar. Argizaririk ez dugunerako edo argizari zaharra kentzeko orrazia erabil dezakegu. Argizaria orraztuta harrotu egiten da eta egindako markek, gurpil baten marrazkiek bezala, hobeto heltzen dute.

Belarrietarako tapoiak ere ez ditu jende guztiak erabiltzen, batzuek ez dute arazorik izaten, baina medikuek garrantzia handiagoa eman behar zaiela errepikatzen dute behin eta berriz.

Eguzkitako krema badaezpada ere gainean izatea komeni da, baita neguan ere, itsasoko uraren islak errazago erretzen baitu azala eta, udan bezala, eguzkia lurretik gertuago dagoenez, eguzki izpiek gogor jotzen baitute.

Deribentzako giltza berriz, oso txikia da, ez du enbarazu egiten. Garai batean deribak finkoak ziren, ez ziren egun bezala kendu eta jartzen, beraz, ez da asko kostatzen giltzatxoa ondoan eramatea eta gainera, lemaren bat hautsiz gero edo askatuz gero, derrigorrez eskura behar dugun tresna da.

Txikotaren sokatxoa ere, lekurik kentzen ez duen eta gainean eramatea komeni den beste gauza bat da. Askotan gertatu ohi da sokatxoa hautsi eta eskura ezer ez izatea. Hiruzpalau sokatxo motxilan eramatea ez da batere kostatzen.

Bidaiarako motxila

Bidaiarako motxilan, aipatu gauza horiez gain, komenigarriak dira honako hauek ere: auto gainean taulak lotzeko zintak, prezintoa, botikina, urradurentzako krema, lo zakua, eskarpinak, Solarez pasta, linternatxoa, txiskeroa eta labana.

Bidaia mota batekoa edo bestekoa izan daiteke, baina surfean egitera joanez gero, itsasoak agintzen du eta segur aski batetik bestera bidaian ibili beharko dugu olatu bila. Gero leku bakoitzeko baldintzek agintzen dute. Leku hezea bada, hotza, eguzkitsua eta beroa, irla bat bada, kontinente handi bat edo herrialde txiki bat, baldintzak denetarikoak izan daitezke. Edonola ere, norberaren bidaiatzeko ahalmenaren araberakoa izango da bidaia bera ere, baina gehienetan autoa behar izango dugu mugitzeko, beraz, taulak lotuta eramateko zintak ezin ahantz ditzakegu.

Surfean aritzeko leku asko hirietatik eta gizakiak egindako egituretatik urrun izaten direla kontuan hartuta, garrantzitsua da botikin bat soinean eramatea, gutxieneko tresnekin: ebakiak josteko haritxoa eta orratz kurbaduna, itsas trikuen arantzak atera ahal izateko pintzak, zapitxo higienikoak eta pobidona iododuna. Alkohola edo ur oxigenatua eraman daiteke, baina zauri bat izanez gero, onena lehenik zauria ur eta xaboiz ongi garbitu ostean, Betadine (pobidona iododuna) edo antzeko antiseptikoren bat ematea da. Alkoholak eta ur oxigenatuak zauriaren kanpoaldea ongi desinfektatzen omen dute, baina ez barrualdea.

Urradurak leuntzeko krema ere garrantzitsua da. Hondartzan lo egiten badugu edo itsasoko gatza ur gezaz kentzen ez badugu, egun batzuen buruan ohikoa da izterretan, besapeetan edo gorputzeko beste edozein ataletan urradurak izatea. Ur gezaz dutxa eder bat hartzeko aukera izan bezain laster, krema eskura izan behar dugu erredurak lehenbailehen sendatzeko.

Lo zakua ondo etortzen da leku beroetan ere, itsaso ondoan, hezetasuna dela-eta, ez du hotz handirik egiten, baina ezta bero handirik ere, beraz, hondar gainean lo egitea egokitzen bazaigu, lo zakua primeran etorriko zaigu. Linternatxoa eta labanak edozein bidaiatarako balio du, beti izaten baitira ezustekoak.

Eskarpinei dagokienez, berriz, oso egokiak dira arroka gainean lasai ibiltzeko, baina surfean egingo dugun lekuko uraren tenperaturaren araberakoak erabili beharko ditugu. Neoprenozko oinetako horiek helburu desberdinetarako eginak izaten dira. Ez ezazu erosi dendan eskaintzen dizuten edozer gauza. Neguko ur hotzetan tropikorako eskarpinak eraman ohi dituzten surflariak ikustea oso ohikoa da. Ur hotzetarako eginak direnek neopreno lodia izaten dute eta orkatilak babesten dizkigute. Beraz, negurako eskarpin batzuk erosi nahi badituzue, gogoratu, gutxienez orkatilak babestu behar dituztela. Besteak, orkatila agerian uzten dutenak, ur berotako eskarpinak dira. Munduko olatu on askok korala izan ohi dute hondoan. Leku horietan, ura beroa izaten da, baina eskarpinen erabilera ia derrigorrezkoa da, ur gutxiko olatuak izaten baitira eta askotan oina lurrean jarri behar izaten baita. Eskarpin horiek bereziak dira, zola gogorra behar dute. Orkatila babesten dutenetakoak ere izan daitezke, baina neopreno oso finekoak dira. Hatzez ukituta segituan nabaritzen da ur hotzetarako diren ala ez.

Solarez, zulotxoak edo arraildurak estaltzeko ematen den pasta da. Zuloa dagoen lekuan orea igurtzi eta eguzkitan jarri behar da, horrela minutu gutxitan pasta lehortu eta gogortu egiten da, eta zuloan ura sartzea ekiditen du. Hori bidaietarako nahiko egokia da, baina ez da konponketa aproposa. Bidaia amaitutakoa edo ahal denean, konponketa behar bezala egitea komeni da, fibra eta poliesterrarekin. Arraildura txikiak estaltzeko, besterik ezean, azazkaletarako laka ere erabil daiteke.

Nora joan?

Eta motxilatxoa ongi prestatu ostean, nora bidaiatu dezakezuen galdetzen badidazue, urrun ez joateko gomendioa emango nizueke. Furgoneta edo autoa hartuta, Portugal edo Frantzia aldera jo dezakezue. Urria bitartean olatu bikainak izaten dira eta bidaia merke egin daiteke. Garai hauetan nahiko ohikoak dira mendebaldetik datozen itsasoak. Portugal aldean zuzenean sartzen dira eta baita Frantzian ere, baina gurean ez dute eragin handirik, Kantauri itsasoa alderik alde zeharkatzen baitute.

Gure kostalderako itsaski egokiaren norabidea ipar-mendebaldekoa da. Hala ere, ez da hain garai txarra abuztua gurean geratzeko ere, urtero izaten da sasoi honetan itsasaldi ederren bat. Itsasoko parteei adi egonez gero, egun bikainak izan ditzakegu. Abuztuan ohikoena olatu gutxi izatea da; horrelakoetan, denbora izanda, Hossegor aldera joan gintezke, han mundu mailan ezagunak diren olatu ederrak harrapa ditzakegu. Ez dago urrun joan beharrik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo