Itsasoa
Ez dago maukarik!
Surflari ernegatua I
Abuztua da, bidaian atera beharra dago, bestela ez dira «benetako» oporrak. Zenbat eta urrunago joan, orduan eta hobeto. Ez du axola nora, garrantzitsuena hegazkin txartel merke bat lortzea da. Bidaia agentziak erabaki dezala nora jo behar dudan. Bueltakoan zer kontatua izateak ere badu garrantzirik noski, oporren bueltan ez diet ba bulegoko lankideei Aizarnan izan naizela esango, ezta? Egun, aukerak anitzak dira, urrun joan gintezke edo inguruan geratu. Norberaren oporrekiko ikuspegiak eta helburuak ere anitzak behar lukete logikaz, denok ez baikara berdinak, gustu desberdinak baititugu teorian baina, hara non, azkenean denok leku berberetara joaten gara.
Australia bezalako lurralde urrun eta erraldoi batean, ikusi ere egin ezin dugun herriko gizajo batekin topo egiten dugu. Kasu egiten diogu elkar, distantziak sortzen digun konplizitate faltsuan-edo. Eta beti izango da «jode! Mundua zein txikia den» esango duen mozolorik. Zera izango da mundu txikia, zakurraren putza! Hasteko, mundua dena da, ez handiago eta ez txikiago. Eta, bestetik, zergatik ez dugu Errusiako herrixka batean topo egiten elkar? Ba, finean, denok leku berberetara joaten garelako.
Ikusi nahi ez dudan baina ikusi dudan mozoloa nire etxeko ezkaratzetik hamar metrora dagoen ezkaratzean bizi da eta, zorionez, ez ikusteko inongo esfortzurik egin gabe, ez dugu elkar ikusten urtean zehar, baina Australiara joan, uretara sartu eta, hara! nire bizilagun maitagarria parez pare. Kasualitatea ote da surf aldizkarietan agertzen den olatu famatu horretan topo egitea? Erantzuna argia da. Ez!
Gero, non lo egiten dugun, non jan, non edan, eta zenbat ordaintzen dugun galdetuko digu. Guk egia erantzungo diogu iritsi berriaren inozentziaz (nahiz eta leku horretara bera baino lau hilabete lehenago iritsi), eta barrez hasiko da «motel, hi babua haiz. Hori garestia duk, nik erdia ordaintzen diat» eta antzekoak entzun beharko ditugu.
Zer egingo diogu ba? Batzuk beti izan gara babuak, ezertaz enteratzen ez garenak, maukarik aurkitzen ez dugun horietakoak. «Pixka bat mugituta merkeago lor dezakek logela bat, Interneten pixka bat begiratuz gero, Zambiako hotelik merkeena lor dezakek, ezagutzen diat jan, lo, edan eta etxeko jabearen emaztearekin oheratzeko aukera ere ematen diken leku bat, eta dohainik da, eta gainera bla, bla, bla, ...». Eta batzuetan sinetsi ere egiten diot jende horri, zeren denek furgoneta bera dutela ikusten dudanean, denak berdin janzten direla ikusten dudanean, perfil bera dutela ikusita, azken teknologiako taula berezi hori dutela ikusten dudanean, denek bidaia bera hilabete berean egiten dutela ikusten dudanean eta denek buruan gauza bera, iritzi bera dutela ikusten dudanean, ba zera pentsatzen dut: «Orain ulertzen dut. Pack bat da! Pack horretan bazaude dena merkeago da, dena da errazago. A ze mauka!».
Pack horretatik kanpo gaudenak, alegia, dena garesti eta gaizki topatzen dugun tontolapikook, jai daukagu. Arazoa ez da «maukak» aurkitzeko gaitasun falta dugula. Arazoa da, ez dugula ikasten eta dena ongi egiten duten horiei, dena dakiten horiei, kasu egiten jarraitzen dugula.
Behin, bidaia batean diruz gaizki nenbilela eta dena erraza dela erakutsi nahi dizun «pack-ete» horietako batek horrela esan zidan: «Joan hadi halako lekura eta han esperma emateagatik dirutza emango ditek»; joder! pentsatu nuen, a ze mauka. Emaitza: hilabete froga klinikoak egiten dituzten zentro batean giltzapetuta eta espermarik batere ez, ezta egoeraren latza goxatzeko ere.
Tira! Nire esperientziaren arabera, abuztuan nora joan asmatu nahi baduzue, bi gauza izan kontuan. Bata: meteorologia partea. Horren arabera asma dezakegu ezker edo eskuin jo, gero alferrik da errua Maldonadori botatzea. Eta bestea: egin kasu bizilagunari, inoiz kasurik egiten ez diogun hamar metrora dagoen eskaratzean bizi den gizajoari, harritu egingo da, eguraldiaz hitz egin, pare bat txorakeria bota eta disimuluan, ea oporretan nora doan galdetu. Eta kontrako bidea hartu, ziur asmatuko duzuela, nahiz eta oporren amaieran gainontzekoek zu baino olatu hobeak harrapatu dituztela eta antzekoak entzun behar. Lasai, gezurretan ari dira, hitz egin gabe denak leku berera joateko ados jarri badira, oporren bertsio bera emateko ere ados izango dira ba?
«Pack-ete» horiei, dena merke topatzen duten horiei, dena maukak eta beherapenak dituzten horiei bidaia zoragarri bat gomendatuko nieke. Joan den astean ikusi nuen lekuko postaltxo eder bat Zazpikan. Ziur ez dutela ezagutzen. Merkea da, oso merkea. Hori da garrantzitsuena, ezta? Ba galdetu auzoko bidaia agentzian, gomendatuko dizuete, ziur, esperientzia ahantzezina izango da. Agian, hoteleko erreserbak egiteko arazotxoren bat izango duzue, badakizue, turistifikazio masiboaren ondorioak, hotelen gainkarga. Joaten bazarete, egin keinu hoteleko igogailuan gora eta behera dabilen botonesari. Horra proposamena: Valdemoro d'Or.