San Miguel liga
Itsasoa horiz jantzi du Oriok
«Mirotza» ontziak hamargarrenez lortu zuen Zarauzko Bandera, poparean erakustaldia eman eta gero.
Ander GARTZIA I
Oriok ez du aurkaririk izan aurten itsaso zabalean jokatutako estropadetan. Atzo ere bikain moldatu zen «Mirotza» trainerua Zarauzko itsasertzean. Aitor Carrillok zuzendutako ontzia hegaka aritu zen branka ur azpian sartuta eta, emozio handiko estropada izan zen arren, oriotarrak horren kutun duten banderaz jabetu ziren hamargarrenez.
Izan ere, azken metroetaraino ez zen argi izan ikurrinak Orio, Bermeo, Astillero edota Sestaorako bidea hartuko ote zuen. Urdaibaik ez zuen aparteko erakustaldirik egin, eta une askotan, gainera, Liga bera eskuetatik alde egiteko arriskuan izan zuen. Hala ere, bermeotarrek txalotzeko moduko azken zatia osatu zuten eta azken txandan atera zen haizeaz baliatuta -Orio, Kaiku, Astillero eta Castro izan ziren kaltetuak- bigarren jardunaldiko bigarren denborarik azkarrena eskuratu zuten.
Ligako Kaikurik onena
Jose Luis Kortak zuzendutako koadrilak, ostera, denboraldi osoko liga estropadarik txukunena burutu zuen. Sestaoarrek beraiengandik espero den maila eman zuten atzokoan eta ikuskizuna paregabekoa izan zen. Astillero, Orio eta Kaikuren arteko lehiak azken luzeraino iraun zuen, eta bai brankaz bai poparean estropada burua txandakatuz ibili ziren hiru ontziak. Hala ere, estropada bikaina egin eta gero, Kaikuk txanda nagusia irabaziko zuela zirudienean «bala horia» azaldu zen azken olatu gainean, eta Urdaibaik ezarritako denbora zulatu zuen. Oriotarrek garaipenak pilatzeko gose asegaitza erakutsi zuten eta ez zuten amore eman azken palada arte.
Dena den, egundoko lana egin arren, gipuzkoarrak ez ziren sailkapen nagusian tarteak zabaltzeko gai izan eta bermeotarrek lau puntuetara hurbildu dira berriz ere.
Olatu artean arraunean zoragarri ibili zen beste taldea San Pedro izan zen. Pasaitarrak aurreneko txandan errege izan ziren eta, haizea zertxobait harrotu bazen ere, eguneko hirugarren denborarik onena erdietsi zuten. Hala, Gabi Larrinagaren mutilek entrenatzaile askorentzat helburu den zortzigarren postuari eutsi diote.
Hondarribia nagusi izan bazen ere, gipuzkoarrek esku hutsik bueltatu behar izan zuten etxera, jardunaldi bietako denborak batu ostean erabaki baitzen garailea. Hala ere, Mikel Orbañanosek prestatutako koadrilak pozik egoteko motibo asko ditu atzo egindako estropada eta gero. «Ama Guadalupekoa» trainerua jaun eta jabe izan zen bigarren txandan eta azken txanpan asko sufritu arren, Urdaibai, Liga txapelketarako hautagai dena, mendean hartzeko gai izan zen. Nahiz eta eguraldiak asko lagundu zuen, hondarribiarrek luzaroan bila aritu diren garaipena erdietsi zuten merezimendu osoz. A.G