GARA > Idatzia > Euskal Herria

Batasunarekin elkarrizketatzea zilegitzat jo du Odon Elorzak

Ezker abertzalearen «benetako asmoak» zeintzuk diren jakiteko PSEk Batasunarekin harremanak izan beharko lituzkeela deritzo Donostiako alkate Odon Elorzak, «informazioa eskuratzea beti ere egokia dela» adierazita. Bilboko alkate Iñaki Azkunak ere ezker abertzalea izan du hizpide eta «bakea gertuago» dagoela uste du.

p011_f01.jpg

GARA |

Donostiako alkate Odon Elorza bere alderdiak, PSEk, Batasunarekin harremanak izatearen alde agertu da. «Batasunaren barruan egoera zer nolakoa den jakitea beti da ona», adierazi du Elorzak. Hala, ezker abertzalearen barne mugimenduen berri izateko ezker abertzalearekin harremanak izatea zilegi dela defendatu du; «ETAren amaierara iristeko prest diren edo hauek guztiak soilik keinu hutsak diren jakiteko», zehaztu du Odon Elorzak ``Diario Vasco'' egunkariari eskainitako elkarrizketan.

Informazioa eskuratzeari egoki deritzo PSEko kide eta Donostiako alkateak, eta «ez bakarrik bide polizialetik». Horrexegatik, alderdi desberdinen artean harremanak izatea babesten du, «nahiz eta horiek zeharkakoak izan daitezkeen», bere hitzetan.

Gaur egun, Batasunaren eta PSEren artean harremanik ez dagoela ziurtatu du Elorzak, alabaina, bi alderdien arteko bitartekaritzarik ba ote dagoen ez dakiela nabarmendu du elkarrizketan.

Bere iritziko gainera, ez da «aproposa» bitartekaritza hori Gobernu espainolaren esku gelditzea, «gobernuak erantzukizunez eta era arduratsuan» jokatu behar duela baiteritzo donostiarrak.

Elorzaren esanetan, «prozesu hau sustatzea» ez da Rodriguez Zapateroren egitekoa. Alta, hainbat euskal preso hurbiltzearen edo espetxeetako baldintzak arintzearen alde agertu da; «espetxe politika gizatiartzeak prozesuari ekarpena» egingo lioke, Elorzaren iritziz.

Donostiako alkateak, eskainitako elkarrizketan, ETArengandik arin aldentzeko eskatu dio Batasunari, bai eta terrorismoaren aurkako jarrera agertzeko eta ETAri bortizkeria utz dezan publikoki eskatzeko ere. Horiek Batasuna legeztatzeko «nahikoa baldintza» liratekeela baieztatu du Elorzak.

Azkuna, «baikor» egoerarekin

Bilboko alkate Iñaki Azkunak ere ezker abertzalea izan zuen hizpide atzo. Azken bi hamarkadetan, Euskal Herriko egoera politikoari dagokionez, «ezkor» izan dela aitortu arren, «egun, apur bat baikorrago» dagoela eman du aditzera Azkunak, eta ezker abertzalearen barruan sumatzen diren mugimenduei erreparatuta, «bakea orain hamar urte baino gertuago» dagoela uste du Bilboko alkateak.

Bere aburuz, ezker abertzaleak «azken urratsa eman behar du: indarkeria oro alboratu, bakea besarkatu eta gainerako guztiokin politika egin. Hor ikusiko dugu elkar, hitzarekin, politikarekin, ez indarkeriarekin».

Une honetan, gainera, ezker abertzaleak pauso hori ematea beste biderik ez duelakoan dagoela adierazi du Bilboko agintariak, eta ezker abertzalea horretaz jabetu dela gaineratu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo