Limp Bizkit, Gaztearen bi hamarkadak ospatzera datoz
Gaztea irratiak, urte askotan Euskadi Gaztea izandakoak, hogei urte betetzen ditu aurten eta festa giro betean da martxoaz geroztik. Urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan, irailaren 11n, Limp Bizkit taldeak kontzertua eskainiko du Bilboko Santana 27 aretoan.
Maddalen LARRINAGA |
Hogei urte ez dira erraz betetzen. Denbora luzea da irrati batentzat eta ospatzeko arrazoi nahikoa. Hori dela eta, martxoaz geroztik programazio berezia dute abian Gaztea irratikoek eta, horrez gain, disko bat prestatzen eta kontzertuak antolatzen ari dira.
Euskadi Gaztea izenarekin sortu zen irratia 1990eko martxoaren 21ean. «Egun horretan goizeko zazpietan aireratu genuen lehenbiziko kanta, Hertzainak-en `Aitormena' abestia», azaldu zuen Marijo Oria Gazteako musika programatzaileak. Hala, irratiak urte osora zabaldu du ospakizuna eta ekitaldi eta sorpresa ugari antolatu ditu.
Hogei urte
Irrati bat sortzen denean fisolofia jakin batekin egiten du eta Gazteak ere bazuen berea. «Euskal Herriko gazteak musikaren bitartez entretenitzea eta bide batez euskal musika bultzatzea» zuen helburu irratiak. Hasiera batean, gazteleraz eta euskaraz egiten ziren saioak, baina gutxira euskara hutsean egiten hasi ziren. «Musika eskaintza horretan euskal musika garrantzitsua izan da beti guretzat eta orain webgunearekin eta telebistarekin batera euskal musika bera beste aukera batzuen bitartez zabaltzea lortu dugu: bideoklipak, zuzeneko kontzertuak, elkarrizketak, erreportajeak...», adierazi zuen Oriak. Gainera, asmo horrekin jaio zen Maketa Lehiaketa. «Aurten hemeretzigarren edizioa izan du eta oso pozik geratu gara jasotako kantuekin».
«Egun gure filosofiaren oinarriari eusten diogu eta, horrez gain, gazteak biltzen dituzten ekitaldietan izateko ahalegin berezia egiten ari gara: musika jaialdiak, kirol ekitaldiak, festak... Esaterako, aste honetan Donostiako Aste Nagusian ere izango gara, 15ean eta 20ean, Kursaaleko terrazetan».
Hogei urte igaro direla kontuan hartuta, ez da erraza oroitzapen guztiak azaltzea. Gainera, Marijo Oriak azaldu zuenez, bi hamarkada horiek «abiadura bizian» igaro dira, «ia konturatu gabe iritsi gara hogeigarrenera».
«Egia esan, ez dakit nola laburtu urteok», zioen Oriak. Hasieran, bi emisora zeuden, bata gazteleraz eta bestea euskaraz, baina, esan bezala, gaztelerazkoak ez zuen asko iraun eta euskarazkoa bakarrik mantendu zen. Euskadi Gaztea izena zuen hasieran gaur egungo Gazteak.
Hogei urtetan gainera, irratian lanean jardun dutenen zerrenda ere luzea da oso. «Esatari asko pasa dira hemendik, baina ez naiz izen guztiak esaten hasiko, ez baitut inor ahaztu nahi», aitortu zuen Oriak. Gazteak bi koordinatzaile izan ditu urte hauetan guztietan. Hastapenetik duela bi urtera arte Edurne Ormazabal izan da koordinatzailea. Gero, Jon Lamarka etorri zen eta egun bera ari da horretan.
Urteotan hainbat aldaketa egin dituzte irratian; batez ere teknologiarekin zerikusia dutenak. «Teknologiaren munduak daraman martxarekin bat egin behar izan dugu, eta horrek lan egiteko eran sekulako aldaketak ekarri ditu». Gainera, aldaketa horiekin batera, irratia bera ere hazten joan da, musika programatzailearen hitzetan: «Hasieran euskal gazteen artean lortu nahi genuen esparrutxoa pixkanaka zabaltzen joan da eta pozik gaude jaso dugun erantzunarekin».
Irratiaren programazioa bera ere aldatzen joan da urteen poderioz. «Hasiera batean irrati formula hutsa bazen ere, denborarekin eta musika formulari uko egin gabe, bestelako saioak jaio dira: adibidez, musika espezializatua, elkarrizketak, goizeko magazina...».
Dena den, azken urte hauetan, aldaketarik handiena «euskarri ezberdinen indarra batu izanak» ekarri du, Marijo Oriaren hitzetan. Izan ere, Gazteak gaur egun webgunea, telebista eta irratia uztartzen ditu eta horrekin «eskaintza zabalagoa» dutela baieztatu zuen Oriak.
Urteurreneko ospakizuna
Euskarrien uztarketak, hortaz, berebiziko garrantzia izan du, baina beste faktorerik ere aipatu du irratiko kideak: «Top Gaztea zerrendak ere garrantzi handia izan du, eta urte batzuetako etenaren ondoren aurten berreskuratu egin dugu. Horrekin batera, gainera, Top Dance zerrenda ere osatzen dugu gaur egun». Beraz, aldaketa ugari egiteaz gain, kontu zaharrak ere berreskuratu ditu Gazteak.
Hogeigarren urteurrena betetzeaz batera, martxoan saio bereziak egiten hasi ziren, bai irratian, bai eta telebistan eta webgunean ere. Programazio berezia ere jarri zuten martxan, azken hogei urteotan Gaztean «garrantzia» izan duten kantuak gogoratzeko. ETB 3n, bestalde, asteazken gauetan, hogeigarren urteurrenaren karietara, kontzertu bereziak ematen ari dira, eta webgunean Gaztearen ibilbidearekin loturiko hainbat bideo, argazki, kanta eta albiste aurki daitezke. Aurtengo ospakizuna biribiltzeko, disko bat prestatzen ari dira, «Loving Gaztea» izenburupean, eta hainbat taldek hartuko dute parte, horien artean, Barricadak, El Menton de Fogarty-k eta We Are Standard-ek.
Iragan astean iragarri zuten Limp Bizkit talde estatubatuarraren kontzertua ere irratiaren urteurrenarekin uztartu dutela. Izan ere, zazpi urteren ondoren disko berria aurkeztera etorriko dira irailaren 11n, Bilboko Santana 27 aretora. Halere, «urtea amaitu baino lehen izango dira ospakizun gehiago», hitzeman zuen Oriak.