Laurogeita hamar urte zituela, Abbey Lincoln jazz kantari fina New Yorken zendu zen atzo
Ekintzaile politikoa, gutxiengoen aldeko lanagatik ere ezaguna zen Abbey Lincoln (Chicago, 1930) abeslari eta jazz konpositorea. Familiak jakinarazi zuenez, atzo hil zen New Yorken, 80 urte zituela.
GARA |
Abbey Lincoln hil zen atzo New Yorken, «New York Times» egunkariak haren neba David Wooldridgen bitartez jakin zuenez. Abeslaria nola hil zen azaleratu ez bada ere, jakina zen Lincoln kantaria osasunez makal zebilela 2007an bihotzeko ebakuntza egin ziotenetik.
60ko hamarkadan, giza eskubideen eta AEBetako beltzen eskubideen aldeko borrokan aritu zen Lincoln. Garai hartan, zineman ere arrakasta izan zuen. 1964an «Nothing But a Man» filmean parte hartu zuen, Ivan Dixonekin batera eta, 1968an, «For Love of Ivy» pelikulan, Sidney Poitierrekin. Gero isildu eta erretiratu egin zen, 1990ean berriro indartsu agertu zen arte, kantari, konpositore eta gidari espiritual gisa.
Musikari gisa, esperimentu zaratatsu eta apurtzaileak egin zituen aurrena, Afrikara begira, eta baladetarantz jo zuen gero, Billie Holidayrengan inspiratuta.
1997koa du azken lana, «Abbey Sings Abbey», 77 urte beteak zituela plazaratutakoa.