GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria jaietan

Eguraldi kaskarrak ez zuen donostiarren jairako grina zapuztu

Zenbat eta eguraldi hobea espero, orduan eta okerragoa egiten du. Horixe gertatu zitzaien atzo donostiarrei, baina umore onarekin egin zieten aurre atzoko euri zaparradei. Ez zuten, ez, iragarritako ekitaldirik bertan behera utzi.

p014_f01_251x097.jpg

Nagore BELASTEGII

Asteburuan izan dugun eguraldi nahasiak ez zuen Donostiako jaien hasiera zapuztu, eta jendea ahal bezala moldatu zen jaiak eskainitako aukerez gozatzeko. Haurrak beti bezain gogotsu ibili ziren Bulebarreko kioskoaren ondoko puzgarrietan jolasean. Ez zien axola tarteka euria egiteak, ederto pasatzen ari baitziren. Batzuk Gargantuaren ahotik sartzen zebiltzan eta, barrezka, jakina den beste tokitik ateratzen. Beste ume batzuk, berriz, zintzo zeuden ilaran, aurpegia tximeletaz, ikurrinaz edo Spidermanen irudiaz marrazteko zain.

Bulebarra haurrez josita zegoen bada, eta Alde Zaharra, berriz, taberna batetik bestera salto egiten zuen jendez beteta. Norabide jakinik gabe zebiltzan batzuk, eskuan mapa zutela. Kaleen izenei begira zebiltzan, bazkaltzeko jatetxeren baten bila. Beste batzuek zuzenean jotzen zuten tabernetara, nahi zuten hori non aurkitu ondo zekitela. Eguerdian, pintxozale ugari zebilen, txakolin edota sagardo basoa eskuan zuela, lagun arteko giroan. Kanpotarrek, berriz, zerbitzariarekin hitz egiteko zailtasunak zituzten, kostata baina azkenean hartu nahi zutena eskatzen zuten arte.

San Lorenzo kaleko tabernak betetzen hasiak ziren dagoeneko, eta jabeak urduri samar zebiltzan barra atzean. Orain dela 19 urte ireki zuten Kukurruku taberna eta atzo bertara sartu nahi zuenak ez zuen lan makala. Bertako nagusiari jaien inguruan galdetuta, gero eta atzerritar gehiago etortzen dela erantzun zigun baina, jaiak hasi berri izanik, ez zen ausartu balorazio sakonik egiten. Hala ere, bere hitzetan, «Donostiako Aste Nagusia ezin da esaterako, Iruñeko sanferminekin konparatu, askoz jende gutxiago etortzen delako».

Kukurruku tabernatik irten, metro gutxi batzuk egin eta Ordizia tabernan egin dugu geldialditxoa. Aste Nagusian atzerritar eta espainol asko sartzen dela antzeman dute bertokoek. Uda osoan oporretan dagoen jendea gerturatu zaie, baina jaietan jende kopuru hori asko handitu da. Duela bi urte ireki zuten taberna hau, eta dagoeneko egin du bere tokitxoa Donostiako taberna eskaintza zabalean. Esterlines kalera eginda, ziur asko ez da izango bertan noizbait ogitartekorik jan ez duen donostiarrik, hots, Juantxo taberna ezagunaz ari gara. Felipe Agirre da jabea, baina, aitortu digunez, berak adina lan egiten dute Joxe Mari Agirre, Maribi Mendinueta eta Gregorio Iturrioz lankideek. Horien laguntzarik gabe ezingo omen luke lan guztia aurrera eraman. Juantxo duela 70 urte ireki zuten, baina Agirrek orain dela 30 hartu zuen. Ordundik donostiarren eta probintziako jendearen artean fama handia du.

Eguraldi txarra denean jende gutxiago joaten omen da tabernara. Atzo, euria egin arren, jendez gainezka zegoen. Aste Nagusia dela nabaritzen omen dute. «Egunean zehar larunbat gau batean bezala betetzen zaigu taberna. Gauean, berriz, ez da jende asko etortzen... baizik eta asko, asko, asko!», adierazi zuen jabeak. Izan ere, suak hasi baino lehen izaten da taberna honetan bezero kopuru handiena. Hala ere, Agirreren kalkuluen arabera, eguraldi txarra egiten badu, %40 bezero gutxiago dute.

Negozioa hartu zutenean euskaldunak joaten ziren batik bat. Orain, berriz, atzerritar asko joaten da, nahiz eta betiko euskaldunak ez diren falta. Azken hauek dira betiko jai giroa jartzen dutenak, lagun koadrilak joaten baitira. Egun hauetan sei edo zortzi ogitarteko mota dituzte aukeran, ohiko zerrenda luzea izan beharrean, eta arrakastatsuena patata tortilla omen da.

Trinitate plazako tabernen inguruan ere jende ugari zebilen jateko zerbaiten bila. La Cueva tabernako kanpoko mahaiak beteta zeuden, baina itxura are beteagoa zuen barrutik, sukaldeko tresnez apainduriko paretengatik, besteak beste. Txinatar bikote bat zegoen barraren izkina batean. Gizonak hiztegian zerbait bilatzen zuen bitartean, emakumea keinuen bidez zer nahi zuten adierazten saiatzen ari zen; azkenean ondokoaren piperrak ikusi eta horrelakoxe plater bat nahi zuela jakinarazi zion zerbitzariari.

San Jeronimo kalean Ana, Antonio eta Elisa txikia zeuden aterkia itxi edo ireki ez zekitela. Murtziako familia hau oporretan etorria zen Donostiara egun batzuk pasatzera, oso polita dela entzuna baitzuten. Gehien gustatzen zaiena jateko eskaintza da, baina baita Pasealeku Berria ere. Gutxien, ordea, eguraldia. «Murtzian eguraldi ona egiten zuen, eta hemen, tenperatura atsegina bada ere, ez dakigu euria edo eguzkia egingo duen», esan zuen Anak barrezka. Jaien berri ez zutela aitortu zuen Antoniok, baina gaueko suak ikusi zituztenean argi gelditu zitzaiela.

Aterpe bila

Euri dezente bota bazuen ere, tarteka aterruneak ere izan ziren, eta jendeak batetik bestera mugitzeko aprobetxatzen zuen. Diputazioko plazan, aterpean badaezpada ere, artelanen azoka zegoen ikusgai. Euria hasi orduko, hurbil zeudenak bertara gerturatzen ziren, aterpean babestera eta, bide batez, artelanak ikustera. Batez ere Donostiako parajeak irudikatzen zituzten olioz margotutako koadroak zeuden, baina baita argazkiak eta eskulturak ere. Euren artelanak saltzen ari zirenek ez zuten arazorik izan, euria gorabehera.

Kirolariek ere ez zuten euren trebezia erakusteko aukerarik galdu. 12.00etan Pasealeku Berriko igeriketa saioaren 42. edizioa ospatu zen. 400 bat parte hartzailek egin zuten igerian Zurriolako hondartzatik Kontxarainoko tartea. Iaz ibilbide hori ordu erdian amaitu zuten azkarrenek, baina aurten apur bat motelago ibili dira, 12.00ak jota euria hasi zuela-eta. Atzoko irabazlea Hernaniko Luis Goñi Iradi izan zen, iaz bigarren gelditu zena. Goñik 41 minututan burutu zuen ibilbidea. Emakumeen sailean, berriz, lehenengoa Lara Vicandi Telleria donostiarra izan zen, 48 minutu eginda. Parte hartzaileak La Perla parera iritsi zirenerako ez zuen euririk ari, baina hotz egiten zuen bainujantzi hutsean egoteko eta igerilariak, dardarka, dutxetarako bidea hartu zuten.

Pirata musikazaleak

Larunbatean, jaien hasteaz bat, Piratek euren egitarau herrikoia abiarazi zuten. Sorkun, Ze esatek! eta Bebe taldeak aritu ziren Trinitate plazan. Bertara gerturatutako jendea abesten eta dantzan jarri eta gero, atzo, Erromeria Eguna ospatu zuten. Trikitilari, albokari eta bertsolariekin batera, Urgullera igo ziren denak.

Atzokoa igarota, gaur dute Piratek egun handia. Goizean goiz altxatu ostean, eskifaiako kide guztiak bildu eta baltsak muntatzea izango dute gaur lehendabiziko lana. Gero, bazkaria egingo dute, eta arratsaldean iritsiko da ekitaldi nagusia, Abordatzea. Udalak programa ofizialean sartu duen Piraten ekitaldi bakarra da hau, eta, ez da harritzekoa, urtero gero eta koadrila gehiagok ematen baitu parte hartzeko izena. Abordatzearen ostean, behin lehorrera iritsitakoan, kalejira egingo dute piratek, arratsaldea gaueko kolorea hartzen hasten den bitartean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo