GARA > Idatzia > Kultura

En la Lona, Trapu Zaharrak eta Gaitzerdi taldeak Fira Tarregan izango dira, irailaren 9tik 12 ra

Antzerki jaialdi garrantzitsua da Lleidako Tarregan orain 30 urtetik ospatu ohi dutena. Aurten, 80 antzerki konpainia izango dira bertan, tartean Euskal Herriko hiru ordezkari.

p041_f01_137x104.jpg

A. BILBAO |

Irailaren 9tik 12ra bitarte ospatuko dute aurten Fira Tarrega, Katalunian egiten den antzerki jaialdi sonatu eta interesgarria. Urtero legez, Euskal Herriko talderik ere izango dute aurten.

Tarregako azokak kaleko ikuskizuna du ardatz, eta joera eszeniko berritzaileenei egiten die tokia. Gainera, beste makina bat jaialdirekin eta bertako oholtzetara igotzen diren taldeekin harreman berezia sortua du urteen poderioz.

Aurten, 80 antzerki konpainia izango dira Tarregan. Asko, Katalunia bertakoak, eta baita atzerritik ekarritakoak ere. Eta ikuskizunen artean, antzerkiak ez ezik, dantzak, zirkuak, clownak, txotxongiloek eta musikak ere izango dute bertan merezi duten tokia, zaleek zein beste jaialdi eta hirietako programatzaileek proposamen berrienak ezagut ditzaten.

Euskal Herritik

Kataluniako Voala Project izango da Lleidako azoka irekiko duena, ikuskizun txundigarri batekin.

Hogeita hamargarren edizioa duen honetan, hiru izango dira Fira Tarregan parte hartuko duten Euskal Herriko antzerki taldeak: En la Lona, Gaitzerdi Teatro eta Trapu Zaharra.

En la Lona Argentinako Buenos Aires hiriburuan jaio eta 2000. urtea geroztik Mendatan kokatua dagoen taldea da, eta Kataluniara «Exodo» izeneko ikuskizuna eramango dute, arte eszenikoetako makina bat diziplina uztartzen dituen lana: zirkua, antzerkia, dantza, txotxongiloak...

«Exodo»-k hiru emakume aurkezten dizkigu, amaigabeko bidaian, eta pisu sinboliko handia duen ikuskizunean, erbestean dabiltzanen gaineko hausnarketa proposatzen baitu. Irailaren 9an eta 10ean antzeztuko du Tarregan «Exodo» En la Lona taldeak.

Gaitzerdi taldeak, bestalde, «Udamina» izeneko ikuskizuna aurkeztuko du Tarregan. Eskarmentu handiko taldea da Bilbokoa, 1988an sortua. Beraz, hogei urte baino gehiago daramatzate antzerki hizkuntza berrien bila, beti ere plastikotasun handiko kale ikuskizunekin.

«Udamina» Shakespearen «Udako gau bateko ametsa» lanean oinarrituta dago, eta denboraren joan-etorriak duen joera ziklikoaren inguruko hausnarketa egiten du, ametsezko mundu magiko bat agertuko duten urtaroen bitartez.

Gaitzerdik irailaren 11 eta 12an plazaratuko du bere proposamena Tarregan.

Kataluniako azoka garrantzitsuan, aurtengo hirugarren eta azken konpainia Donostiako Trapu Zaharra antzerki taldea dugu, «Camping Renove» lanarekin.

Taldea 1982an sortua da, eta hemeretzi antzezlan sortuak ditu dagoeneko, guzti-guztiak umorea ardatz dutenak eta taldekideek idatziak. Horretarako, egunerokotasuna erabiltzen dute gai gisa.

«Camping Renove» lanak Goitisolo anaien ametsa agertzen du. Uruguaitarrak dira, gurera etorritakoak, eta kanpin bat zabaltzeko asmoa dute. Toki ezberdin bat, turistari erakargarri egingo zaiona eta atseden hartzeko ez ezik, pentsatzeari uzteko ere aproposa.

Trapu Zaharra taldeak irailaren 9an eta 10ean paratuko du Renove kanpina Tarregako plazan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo