Denbora bankuetan, orduak trukerako prest dauden txanponak dira
Ile-apaindegira joatea eta diruarekin ez ordaintzea pentsaezina da. Eta masaje baten truke alda dezakezun papertxo batekin ordaintzeak ere, berdin-berdin, utopikoa dirudi. Horrelako truke motak martxan dira munduan, eta Euskal Herrian ere zabaltzen ari da.
Nagore BELASTEGI I
Antzina, aberastasuna bizitzaren erdigunea ez zen garaian, trukea eta auzolana ezinbestekoak ziren. Nekazari batek baratza bazuen, bere letxugak trukatzen zituen oiloak hazten zituen bizilagunaren arrautzekin, eta horrela, produktu desberdinak lortzen zituen. Orain ia edozer gauza lor dezakegu diruarekin, baina horrekin eros ez daitezkeen gauzak ere badaude. Horien artean dago denbora.
Denboraren bankua, trukearen filosofian oinarrituta, zerbitzuak elkar banatzean datza, mesede truke bat bezala. Erabiltzaile bakoitzak, diru banku baten bezala, izena eman eta kontu bat ireki behar du. Horrela, ordu kopuru bat izango du bertan, hori baita moneta, eta horien truke lor dezake behar duen zerbait. Ordu gehiago lortzeko pertsona bakoitzak zerbitzuak eskaini beharko ditu. Zerbitzu hauek ez dute zertan bata bestearen ordainetan izan. Denboraren bankuan izena eman dutenen arteko elkarlan zabal bat izango da.
Adibidez, Mikelek zinemara joan nahi du, baina haur txikia duenez, Anek zainduko du ordu baten truke. Anek ezkontza bat du eta soinekoaren barrenak konpontzea behar du, eta Miren jostuna denez, berak egingo du lan hori. Miren oporretara doa, eta bere lorategiko landareak ureztatzeko norbait behar du, eta denbora bankuaren bidez Mikelekin jarri da harremanetan. Horrela, bakoitzak egiten dakien zerbait besteei eskainiko die, berak egin ez dezakeen beste gauza baten truke, eta zerbitzuak jasotzen jarraitu nahi badute, trukerako orduak lortzeko, lana eskaini beharko dute.
Trukearen filosofiak abantailak besterik ez ditu. Pertsonen arteko harremanak hobetzen dira, aspaldiko auzolana bultzatzen duelako, eta maila ekonomiko desberdinen artean berdintasuna zehazten da, guztien denborak berdin balio duelako. Erabiltzaileek ordu bat zerbitzu baten ordainetan ematen dute, berdin da zein lan burutu duten.
Denbora bankuak aztertu dituzten adituek diotenez, ekonomia merkatuko arazoak konpontzeko balio dezake. Dirua lortzeko lana egin behar da, eta langabezian dagoen norbait ekonomikoki ezin da lanean ari den norbaitekin parekatu. Baina denbora guztiongan berdina da, eta bakoitzak erabakitzen du nola erabili. Beraz, programazio lanetan ari den norbaitek etxeko lanak egiteko laguntza behar badu, denbora gehiago duen norbaiti laguntza eskatzeko erraztasuna izango du, eta hark trukean orduak jasoko ditu bere kontuan, nahi bezala erabiltzeko.
Denboraren bankuak harrera ona izan du erabili izan den tokietan, azken batean, ondokoari laguntza eskatzea besterik ez delako, baina askotan lotsa ematen du ezeren truke mesede bat eskatzeak. Ordainetan zerbait ematean, lotsa hori galtzen da, eta sistema honetan truke tresna hori denbora da. Askotan jendeak uste du ezin duela ezer berezirik eskaini, baina denboraren bankuan edozer gauzak balio dezake: ikasle batek animaliak zaintzen ditu, aitona batek inguruko haurrak zaintzen ditu, mendizale batek urteetan zehar ikasitako ibilbideak irakasten ditu eta Erasmus programarekin Berlinen den mutil gazteak Internet bidez alemana irakasten du.
Zerbitzu guztiek balio dute
Pertsona oro oso baliagarria izan daiteke beste norbaitentzat, bakoitzak gauza bat egiten dakielako, eta laguntza eskaintzearen truke nahi duena lor dezakeelako. Zenbait kasutan gauza berriak probatzeko modu bat izan daiteke.
Interneten mundu osoko pertsonekin harremanetan jartzeko aukera ematen duten webgune ugari daude, eta errazagoa da edozer gauza lortzea. Zenbat eta erabiltzaile gehiago, orduan eta aberatsagoa bankua. Denbora bankuez gain, truke komunitateak ere badaude sarean, bigarren eskuko objektuak trukatzeko. Filosofia horri jarraituz, Kyle MacDonald blogari kanadarrak klip batetik abiatu, eta gero eta objektu baliotsuagoak eskuratuz, etxe bat lortu zuen.
Klipetik etxebizitzara egindako ibilbidea honako hau izan zen: klip gorri bat, arrain formako axota, ate bateko eskutokia, gas sukalde bat, konpresorea, garagardo kupel bat eta argidun kartel bat, elurretako motorra, Yahk-ra bidaia, kamioneta bat, kontratu diskografiko bat, Phoenix-en urtebeteko alokairua, Alice Cooper abeslariarekin arratsalde bat pasatzea, KISS taldearen kristalezko elur-bola bat, film batean paper bat, eta, azkenean, Kipling-en (Kanada) etxebizitza.
Munduko toki askotan hasi dira trukearen filosofia lantzen. Euskal Herrira ere iritsi da denboraren bankua. Orain dela gutxi Aiztondo mankomunitateak martxan jarri zuen halako ekimen bat, eta pixkanaka, herritarrak proiektuaren nondik norakoak ezagutuz doazen heinean, erabiltzaileak gehiago dira. Hala ere, Ermuan aspaldi sortu zen Auzopolis denbora bankua. Orain webgunea dauka, eta bertan izena emateko aukera dago, eskaintzen dituzten zerbitzuak jaso ahal izateko edo bakoitzak eskaintzen duen zerbitzua erabiltzaile guztien esku jartzeko.
Denbora bankuak, beraz, dirua aurrezteko, gauza berriak probatzeko eta jendearekin harremanak estutzeko balio du. Denak abantailak dira, probatzeagatik ez da ezer gertatzen. Diruan oinarritutako gizartea aldatzea ezinezkoa da jada, baina badaude zenbait zerbitzu beste batzuen truke lor ditzakegunak, eta dirua horretan gastatzeak tontakeria dirudi. Prakak josteko, amari eskatu beharrean, bizilagunari eskatzea daukagu, eta guk, trukean, sukalderako koadro bat margotu.