GARA > Idatzia > Ekonomia

Urteko inflazio tasa %1,7an kokatu zen uztailean eurogunean, eta %2,1ean EBn

Urtebetean %1,7 garestitu ziren prezioak eurogunean eta %2,1 EBn. Uztaileko inflazioa berriz, negatiboa izan zen bietan. 12 hilabeteetan %1,2 merkatu ziren prezioak Irlandan, eta Errumanian, berriz, %7,1 garestitu.

GARA |

Kontsumo Prezioen Indizeak (KPI) %0,3 egin zuen behera uztailean eurogunean, atzo Europako Erkidegoko Estatistika Bulegoak (Eurostat) eskaini zituen datuen arabera. Urteko inflazio tasa, berriz, %1,7an kokatu zen, 2008. urteko azarotik izan duen tasarik altuenera iritsiz.

Europar Batasunean (EB) berriz, %0,2 merkatu ziren prezioak uztailean, eta %2,1ean kokatu zen urteko inflazio tasa.

Herrialdez herrialde, urteko inflazioa negatiboa izan zen Irlandan (%1,2) eta Letonian (%0,7). Eslovakian izan zen inflazio tasa txikienetarikoa, %1ekoa. Beste aldean, hamabi hilabeteetan prezio igoera handiena izan zuten herrialdeak izan ziren Errumania (%7,1), Grezia (%5,5) eta Hungaria (%3,6).

Ekaineko datuekin alderatuta, hilabeteko epean, Europar Batasuneko 19 estatutan inflazioak gora egin zuen, batean ez zuen aldaketarik jasan eta seitan behera egin zuen.

Alemanian hilabeteko inflazioa %0,3koa izan zen, eta urtekoa %1,2koa. Estatu frantsesean eta espainolean prezioak %1,9 garestitu ziren urtebetean, ekainetik uztailera %0,3 merkatu baziren ere.

Garraioa izan zen urtebetean EBn prezio igoera handiena izan zuena, %4,5ekoa, hain zuzen ere. Horren ondotik, alkoholdun edariak eta tabakoa garestitu ziren gehien, %3,3, eta etxebizitzaren alorra, %2,7.

Aisialdia eta kultura

Hilabeteko tasari erreparatuta berriz, Europar Batasunean aisialdia eta kultura izan zen uztailean gehien garestitu zen sektorea, %1,2ko igoera izan baitzuen, eta horren atzetik, garraioa (%0,5). Merkatu ziren arloak, aldiz, arropa (%9,7) eta etxea hornitzeko tresnak (%0,6) izan ziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo