GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA I Urrezko Kopa

Nazabalen ezina baliatu du Lopezek txapela janzteko

Etxarrikoak gerrietako arazoak izan zituen, eta komeriak izan zituen. Hala ere, Lezaungoak bi segundo bakarrik kendu ahal izan zizkion txapeldunari.

p038_f01.jpg

Jon LEUNDA I

Juanjo Lopezek lortu zuen herenegun iluntzean Donostiako Urrezko Kopa. Ezuste handia izan zen, inork gutxik uste baitzuen Nazabal bigarren izango zenik. Etxarrikoak gerrietako arazoak izan zituen, eta gorriak ikusi behar izan zituen lanak amaitzeko, eta hala ere bigarren amaitu zuen, eta lehenengoarengandik bi segundora baino ez.

Faborito nagusia kili-kolo zebilela berehala konturatu ziren gainerakoak, eta erritmo bizi-bizia jarri zuten hasieratik. Mujika izan zen lehen ezustea, izan ere, ia lehen enborretik aurretik jarri zen, eta hantxe jarraitu zuen hamargarren enborra amaitu bitarte. Atzetik Lopez zetorren, Ibarrakoa estutu nahian. Nazabal, berriz, ezinean; une batzuetan proba utzi egingo zuela ere ematen zuen, baina aurrera jarraitu zuen.

Azurmendi ere ez zen ongi hasi. Arriarangoak arazo batzuk izan zituen lehen enborrekin, baina honek ere goranzko bidea hartu zuen. Bestalde, Otaegi azken postuan aritu zen ia hasieratik.

Lanak aurrera egin ahala, Mujika indarra galtzen joan zen, eta bai Lopezek, bai Nazabalek gainditu egin zuten. Hortik aurrera emozioa latza izan zen, baina amaieran, eta bi segundogatik, Lopezek amaitu zituen lanak lehenengo, eta Nazabalek, aspaldiko partez, bigarren amaitu zuen. Emozioa ez zen hor amaitu, ordea; izan ere Mujika beherantz zihoan bitartean, Azurmendik gora egin zuen, eta hirugarren postua ere jokoan ikusten zen. Baina azkenean Mujikak hogei segundoko tartea atera zion Arriarangoari. Otaegi azkena geratu zen. Aizkolari bakoitzak hamalau enbor kana-erdiko moztu behar izan zituen.

Azkoitiko plazan, gaur 12.30etik aurrera, Euskal Herriko Hirugarren Mailako azkeneko kanporaketa jokatuko dute. Bertan, Kintana, Matxinandiarena, Larrañaga, Irazu, Zaldua, Pellejero, Kastro, Goñi, Riaño eta Eraso neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak lau enbor kana-erdiko moztu beharko ditu, eta lehen biak sailkatuko dira finalera. Jauregik, Erdoziak, Kañamares III.ak eta Otañok eskuratu dute jadanik azkeneko saioa jokatzeko txartela. Biharko saioan aurrera egiteko faborito bat baino gehiago agertzen dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo