Sei milioi ume kaltetuak, Pakistanen izandako uholderik larrienen ondorioz
Pakistanen azken 80 urteotan izandako uholderik larrienek guztira 20 milioi pertsona inguru kaltetu dituzte. Horien artean, umeek bereziki ondorio latzak pairatu behar dituzte; izan ere, gutxienez, 6 milioi ume desagertu, gaixotu edota umezurtz gelditu dira.
GARA |
Azken hiru asteetan zehar Pakistanen izandako uholdeen eraginez umeak izan dira kaltetuenak, AFPk jakinarazi duenez. Guztira, sei milioi adingabe desagertu, gaixotu edo umezurtz geratu dira euriteen eraginez.
Gutxienez 20 milioi pertsona kaltetu dituzte dagoeneko Pakistango uholdeek, Nazio Batuen Erakundeak atzo adierazi zuenez. NBEren Giza Arazoetako Bulegoko bozeramaile Mauzio Giulianok ohartarazi zuenez, herrialdean 3,5 milioi ume inguru arrisku larrian daude, uraren bidez hedatzen diren gaixotasun hilgarriez kutsatzeko arriskua berebizikoa baita -disenteria, hepatitis A eta hepatitis E, besteak beste -.
«Uraren eta osasunaren egoerak dira une honetan gure ardura nagusiak. Ur garbiak gaixotasunak ekiditen lagun dezake. Zoritxarrez, euriteak iraun bitartean, ura kutsatuta egon da», adierazi zuen Giulianok.
Uholdeen ondorioz sortutako egoera adingabeentzat arriskutsua izateaz gain, beraien ahultasunak larriagoa bihurtzen du. Hori dela-eta, UNICEFek ere kezka erakutsi zuen atzo: «Ume txikiak ez dira egarria kontrolatzeko gai, ezta edatera doazen uraren kalitateaz ohartzeko ere», azaldu zuen erakundeko bozeramaile Sami Abdul Malik.
Kaltetutako 6 milioi umeak zaintzeko asmoz, eskoletan eta esparru publikoetan sorospen kanpamenduak antolatu dituzte. Horietako askotan, halere, ez dago argindarrik eta gero eta larriagoak dira higiene arazoak.
Prestakuntza eta laguntza
Uholde larri horien ondoren ager daitezkeen gaixotasunen aurrean prestakuntza eta antolakuntza ezinbestekoak dira.
Giulianok jakinarazi zuenez, kolera hedatzeko arriskuari aurre hartuz, Osasunaren Mundu Erakundeak neurriak hartu ditu, baina Pakistango Gobernuak dioenaren arabera, oraingoz ez dute kolera kasurik antzeman.
Uholdeek eragindako 20.000 kaltetuek ezinbestekoa duten gizarte laguntza bideratzeko, nazioarteko gobernuei laguntzeko eskatu die NBEk, pasa den igandean NBEren idazkari nagusi Ban Ki-moon-ek Pakistanera bisita egin eta egoeraz ohartarazi ondoren.
Nazioarteko laguntzaren atzerapenak «beste hondamendi bat eragin dezakeela», nabarmendu zuen Giulianok.
Premiarik biziena dutenei laguntzeko 460 milioi dolarreko laguntza behar dutela argitu du NBEk, baina herrialdea bere onera ekartzeko eta eraikuntzak, azpiegiturak eta euriteek hondatu dituzten uztak lehengoratzeko, nazioarteko diru funts eta laguntza gehiagoren falta izango dutela gaineratu du.