GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Mallabiko Torneoa

Aimar Irigoienek berriro ere agerian utzi du bere erabateko nagusitasuna

J.L.

Aimar Irigoienek ez zuen utzi ezusterako tarterik eta aparteko arazorik gabe eskuratu zuen Mallabiko Torneoa. Beliosok eta Goikoetxek eman zuten ezustea, bigarren eta hirugarren postuak eskuratuz, Izeta IV.ari eta Izeta III.ari aurre hartuz.

Sekulako jendetza batu zen saioa ikustera, eta Irigoienek, gainera, marka berria ezarri zuen; izan ere, Izeta II.ak zuena bi jasoalditan ondu zuen. Aiarrak marka ezarri zuenean 55 jasoaldi eman zizkion 100 kiloko zilindro zaharrari, eta 40 bolari. Errezildarrak, berriz, 55 eman zizkion zilindroari eta 42 bolari.

Kirolari bakoitzak 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili behar izan zituen, eta bakoitzarekin bost minutuko txanda bana izan zuten.

Zilindroarekin hasi ziren lanean, eta hor Irigoien izan zen onena, 55 jasoaldi emanda. Atzetik Belioso gaztea sailkatu zen 51rekin, eta ondoren berdinduta geratu ziren Goikoetxe eta Izeta IV.a, 48 jasoaldirekin. Izeta III.ak 44 aldiz berdindu zuen bizkarraren gainean, eta 43 aldiz Urrutiak. Bolari, berriz, 42 eman zizkion Irigoienek, 36 Beliosok eta Goikoetxek. Izeta IV.ak 32 jasoaldi eman zizkion, 30 Izeta III.ak eta 27 Urrutiak. Harri-jasotzaileek izango duten hurrengo torneoa larunbatean izango da, Donostian jokatuko baita Igeldoko Harria Txapelketa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo