GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA I Donostiako aste nagusia

Jai herrikoien altxorra helburu dutela, abordatzera joan dira 3.000 pirata

Korso agiria onartu nahi ez duten piratek Donostia abordatu zuten atzo. Irrikaz bilatzen duten altxorra, jai herrikoi, euskaldun, parekide eta parte hartzaileak. Baina saria lortzen dutenean ere ez dira txintxoegi ibiliko. Piratek bihurri jarraituko dute Ezkila kapitainaren agindupean.

p004_f01.jpg

Nagore BELASTEGI I

Goizean goiz altxatu behar izan zuten atzo Donostiako piratek, euren egun handia ospatu behar zuten-eta. Igandean Urgull mendira egindako erromeria ia bertan behera gelditu zen, egin zuen eguraldi txarragatik. Eguerdiko ordu bietan jende gutxi zegoen, baina pixkanaka gero eta gehiago animatzen joan zen, azkenean oso giro polita eta lagunartekoa sortu zen arte. Horregatik, atzo goizean piratek zerura begiratzen zuten etengabe, gerturatzen ari ziren laino beltzek euren ekintza zapuztuko zuten beldur, iaz eguraldi txarra egin baitzuen. Baina aurten zorte ona izan dute, eta itsasoaz gozatzeko eguzki aparta izan zuten lagun atzokoan.

Koadrilak 08.00etan hasi ziren baltsak muntatzen, baina eguerdian izan zen benetan kaia egurrezko taulez, koltxonetaz eta poltsez betetzen hasi zen unea. Koloretako kamisetak edota marradunak ziren nagusi, baita zapiak ere. Txalupak muntatzeko orduan, lagun talde batzuek beste batzuek baino eskarmentu handiagoa zuten. Poltsa zulatu eta gero txaluparen flotagarritasuna zalantzan jartzen zuena ere bazegoen. Kaian barrena mota guztietako baltsak zeuden ikusgai.

Amararratak koadrilako Beñat eta Joseba baltsaren gainean zeuden, gainerako lagunak iltzeekin taulak lotzen saiatzen ziren bitartean. Puskatutako kamisetekin egindako belak zituzten mastan, apaingarri gisara. Bi lagunek animoak ematen zizkieten koadrilakoei, beraiek alaiki hitz egiten zuten bitartean. Edateaz aparte ezer ere egin ez zutela aitortu zuten, baina taldea goraipatu zuten, oso maila ona ematen zuela esanez: «Bosgarren urtez aterako gara, eta aurten Amarako hoberenek egingo dugu Abordatzea».

Horiengandik metro batzuetara, baltsari azken ukituak ematen ari zen Txomin Etxea koadrila. Kide bakoitza toki batekoa da, beraz, aniztasuna da nagusi, eta horregatik aldarrikapen ugari plazaratu nahi dituzte. Atzokoan Egiako Porrontxo jaien aldeko aldarria zeramaten banderan.

Pailazo Erradiaktiboak koadrila lagunak biltzen ari zen Aquarium ondoan. 16 eta 17 urte bitarteko neska talde horrek lehenengo urtea zuen Abordatzean. Karlak eta Julenek pozik ziruditen, pailazo itxura zuen garezurra marraztuta zuen bandera eskuan zutela, «jendeari dibertigarria dela entzun diogulako animatu gara aurten», azaldu zuten.

Partaide gehienak Donostiakoak bertakoak ziren, baina Vigo, Bilbo, Abadiño edo Urnietako baltsak ere ikus zitezkeen. Mastetatik zintzilik zeuden banderei begiratuta, ordea, Palestina, Katalunia edo Irlandakoak ere etorri zirela pentsa genezake. Nazio ugaritako ikurrez gain, presoen, Porrontxo jaien edo Bilgune Feministaren aldeko, eta AHT, Pasaiako superportuaren edo erraustegiaren kontrako aldarrikapenak ere ez ziren falta. Bukatuta zeuden txalupak uretan sartzen hasi ziren 14.00 inguruan, bazkaltzera joateko, beste batzuek eraikuntza lanetan jarraitzen zuten bitartean.

Zapiak burura

Bazkaria Klub Nautikoaren parean dagoen moilan izan zen, eta mahaiz beterik zegoen oso-osorik. Hamabi euroren truke bazkaria eta kamiseta bat eman zioten aurretik txartela erosi zuenari. Mila lagunentzako lekua zegoen; beraz, txartelik ez zutenek kai inguruetako itzalpetan egin zuten otordua. Hegaluzeak, xolomoak eta jogurtak osatu zuten menua, sagardo ederraz zipriztindurik, noski.

Bazkaria amaituta, kanoi balak balira bezala aireratu ziren ogi pusketak, janari gerla hasi zuten-eta. Gero, beroagatik edo, ura botatzen hasi ziren, 15.45ean mahaiak jasotzen hasi ziren arte, pixkaka kaira bertara inguratzeko.

Abordatzea hasteko dena prest uzteko unea iritsi zen 16.00etan. Koadrilako kideak bakoitza beren txaluparen inguruan antolatzen joan ziren. Aurpegian orbainak margotu zituzten, buruan zapiak ondo estutu eta gerrikoan ezpatak lotu zituzten. Pirata asko uretan zebiltzan jolasean, eta begira-begira zegoen jendea bustitzeari emanak ere bai horietako batzuk, ur-pistolekin.

Ezkila kapitainaren agurra

Azkenean iritsi ziren 17.00ak. Piraten abestia zabaldu zen bozgorailuetatik, eta baltsen gainean saltoka hasi ziren gazteak. Hala, Ezkila kapitaina gerturatu zen ontzi batean, eta pirata guztiak zoriondu zituen eta «abordatzera!» oihukatu ondoren, txupina bota zuen, eta tripulazioari berari jarraitzeko gonbita egin zion. Orduan koadrila guztiak Kontxako badia kolorez janzten hasi ziren.

350 baltsa zeuden izena emanda, baina beste askok ere parte hartu zuten Abordatzean. 3.000 pertsona eta gehiago batu ziren, urterik urte gero eta jendetsuagoa den ekintzan. Hala, azken txalupak kaitik atera zirenerako lehenengoak jada hondartzara iristen hasiak ziren.

Pirata hauek, denak bezala, lapurrak dira; asperkeriaren lapurrak, eta alaitasuna eraman zuten Donostiako kaitik Kontxa- ra, ondoren kalejira koloretsu baten laguntzaz umore ona hiri osoan zabaltzeko. Gauean La Flamenkan (Trinitate plazari eman dioten izena) oilasko errea afaltzeko aukera izan zuten, eta 22.00etarako dantzaldia zegoen aurreikusita.

Gaur Umeen Eguna ospatuko dute eta La Flamenkan mota guztietako ekitaldiak izango dira egun osoan zehar, pirata txikienek ere primeran pasatzeko aukera izan dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo