GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Batzuen oporrak, besteen lanak

Taldean nahiago, baina bakarrik hondartzara joateak ere badu bere xarma, ez pentsa. Kuxkuxero hutsa naizela pentsatuko duzue akaso, baina inguruan etzanda jartzen direnei erreparatzea gustuko dut, pertsonak hondar gainean diren bezalakoak agertzen direla uste baitut. Ez naiz, inork gaizki pentsa ez dezan, gorpuzkeraz ari, jarrerez baizik.

Gurean ez da hain ohikoa, ez behintzat nire inguruan, baina opor toki askotan etxeko egongelen pareko txokoa egiten dute familiek hondartzan. Niri orain arte telebistako programa xelebreetan baino ez zitzaizkidan agertu, baina aurten ondoan, nahi baino gertuago sufritzea tokatu zait. Han eguzkitakoak -bi baino gehiago gehienetan-, hemen aulkiak, ondoan mahaia, eta, nola ez, ondo-ondoan bizpahiru hozkailu, jango direnak eta ez direnak ere badaezpada fresko ondoan izateko. Guzti-guztia urertzean jartzea da gehientsuenen asmo eta intentzioa, baita horretarako eguzkia ateratzerako hondartzan egon behar badute ere.

Ez dakit ba ote dakizuen, baina gizonak dira eguzkitakoak jartzen abilidadea dutenak, eta hori dute hondarretara iritsi eta euren lehen eginbeharra; bigarrena, berriz, kirol egunkaria hartu eta jarri berri duten eguzkitakoaren azpian esertzea.

Krema emango badute emazteak eman behar dien horietako bi jarri zitzaizkidan ondoan, nahi baino gertuago. Nahigabean, lozorrotik esnatu ninduen euren hitz jarioak. Futbolaz aritu ziren lehenik, talde batek eta besteak fitxatutako jokalariez. Han hasi ziren gero oporretan egoteko zuten premiaz, urte osoan egin behar izan duten lanaz, zein lasai eta ederki zeuden... Emazteei eskatu zieten biek, une hura biribil-biribila izan zedin, garagardo bat eta jateko zerbait ekartzeko. Hondartzara, horrela, behar zuten guztiarekin etortzea gustatzen zitzaiela zioten biek, eta dominoan jokatzeko fitxak oihuka eskatu zituzten jarraian... Horretan ere aspertu, eta palak eta pilota zein zorrotan zeuden galdetu, haiek hartu eta urertzera joan ziren denbora pasa. Nazkatu zirenerako prest zuten bazkaria mahaian, eta hura amaitu zutenerako, berriz, tentagarri hamaka. Horiek bai oporrak, e? Albokoek ez zuten akaso gauza bera esango.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo