GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Izaga Irakaslea

Propaganda eta kazetaritza

Aresek dioen bezala, eta berak egiten ez duen bezala, balorazioak errealitatea oinarri dutela egin behar dira, baina errealitatea hedabideek esaten dutena dela irakatsi digute

Wikileaks web orri-ak Afganistango gerraren gaineko txostenak argitaratu zituenean, bazirudien haietan jasotako izugarrikeriak baino larriagoa zela agirien berri ematea. Ameriketako Estatu Batuetako politikari askok ikerketa eta zigorra eskatu zituzten... txostenak prentsaren esku utzi zituztenentzat.

Goi politikako ordezkari haien antzera, Zarauzko alkateak eta zenbait zinegotzik berehala atzeman zieten benetako larritasuna joan den asteazken goizaldean han izandako istiluei: ezker abertzaleak gaitzetsi ez izana. Ez ziren gogoratzen, nonbait, ezker abertzaleak ez duela ordezkaririk Udalean, eta ez boto faltagatik, hain zuzen. Eta hainbat edukiontzi erretzea kale borrokako ekintza planifikatua izan zela erabakita, halako batean Udalean falta ziren ahotsak isiltasun molestagarria bihurtu zitzaien. Baina Ertzaintzak esan zuenean planifikatu gabeko ekintza, «alkoholak eta bandalismoak» eragina izan zela, hainbatek kargu hartu zioten Barne Sailari. Leopoldo Barreda PPkoak, esate baterako, esan zuen ez duela zentzurik Ertzaintzak halakorik esatea. Kale borroka -eta ez violencia callejera- dela esan badugu, zer dela-eta esan behar da besterik, egia izanda ere? Ez utzi errealitateak izenburu on bat alferrik galaraz diezazun...

Izan ere, Madrilgo Barne Ministerioa eta haren Lakuako ordezkaritza Propaganda Ministerio dira batik bat, baina hedabideek ere beren uztako ekarpena eransten diote informazioari. Hainbestekoa non oraingoan Ares jaunak berak informazioa egiaztatzeko eskatu dien alderdiei eta hedabideei, eta beren balorazioak egian oinarritu ditzatela. Erdi ahaztuta genuen, baina kazetaritzaren eginkizunetako bat informazioa egiaztatzea da.

Lotsagarria...? Bai, baina ohikoa. Eta, nolanahi ere, iltze bat beste iltze batek ateratzen duenez, larunbaterako, propaganda makineria aurreko egunetako kazetaritza-irakaspenak gainditzeko moduan zegoen. Ihes egindako bi etakide atxilotu zituztela jakinarazi ziguten. Bata Tarragonan, bestea Donostian. Biharamunean, Euskal Herriko zenbait hedabidek esan zutenez, baldintzapeko askatasun egoeran zeuden biak, kartzela zigorra betetzeko zain. Hala ere, biharamun berean beste hedabide batzuek «ihes egindako etakideak» zirela esaten jarraitu zuten, hori bai, non «ezkutatuta» zeuden argituta: bata etxean eta bestea Tarragonan. Garrantzirik gabeko xehetasunen bat ahaztu zitzaien, hala nola Tarragonan atxilotutakoa neska-lagunaren familiaren etxe batean oporretan zegoela, astero bezala epaitegi batean sinatu ondoren. Gero eta gordeleku aurkitzen zailagoak erabiltzen dituzte etakideok... Baina Poliziaren eraginkortasuna ere gero eta handiagoa da, «ETAren kontrako operazio» garrantzitsu horrek erakutsi duen bezala.

Aresek dioen bezala, eta berak egiten ez duen bezala, balorazioak errealitatea oinarri dutela egin behar dira, baina errealitatea hedabideek esaten dutena dela irakatsi digute.

Horrela gertatu dira kontuak eta horrelaxe kontatu dizkizuegu. E se non č vero, č bene trovato.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo