Josu Tellabide Azkolain Etnologoa
«La Flamenca», edo flandriarrak, Donostian
Piratek badute lana, «Puiuelo» izen jator donostiarra berreskuratzen. Esan bezala, Puiuelo kalean La Flamenca izeneko denda eta ostatua omen zegoen. Ez dugu uste hango jabeak bere burua gutxietsi nahi zuenik horrela deituta, bera Flandriakoa zela edo herri horretako mozkinak saltzen zituela adierazi baino
Urtero bezala, Donostiako gazteek Pirata taldeak antolatu dituzte Donostiako jai-asteak kutsu jatorra eta herritarra har dezan. Jakinarazi dutenez, «La Flamenca» izena jarri behar omen diote aurten Trinitateko plazan gazteek jarri duten festa guneari.
Eta nondik edo atera ote da izen hori? Batzuentzat harrigarria izan behar du zalantzarik gabe, zeren 1901eko Calleja Editorial-eko Lengua Castellana hiztegia kontsultatuta, «flamenco» hitzaren esanahia -beste zenbait esanahien artean- hauxe azaltzen da: «Achulado, gitanesco, se dice de cierto género de canto y baile sumamente descarado y obsceno muy usado entre gentes bajas y de malvivir o de aficiones acanalladas».
Miguel Primo de Rivera diktadorearen dekretuz, 1920ko hamarkadan gaztelania zena «lengua española» bihurtu zen halabeharrez, beraz 1966. urteko Sopena Editorial-eko Lengua Española hiztegiak honakoa dio: «Flamenco: dícese del andaluz que tiende a hacerse agitanado. Achulado».
2010eko abuztuaren 9ko «Hitza»-n Joan Markel Ormazabal musikariak aipatzen duenez, «...agirietan behin eta berriro aipatzen da Puiuelo kaleko, oraingo Fermin Kalbeton, `La Flamenca' ostatua, salerosketen eta porturatutako pirata nahiz kortsarioen topaleku gisa...».
Puiuelo kalea (oraindik donostiar peto-petoak horrela deitzen dute) Donostiako kale izenik zaharrena da, XIII. mendean lehen aldiz aipatua. «Pui» izen gaskoia da eta «mendixka» esan nahi du.
1919. urtean Udalak izena aldatzea erabaki zuen eta «Calle de Fermín Calbetón» izena ezarri zion. Calbetón-ek ministro, diputatu, enbaxadore eta beste hainbat kargu zituen. Pio Barojak, Donostiak eman duen idazle entzutetsuenak «político mostrenco y vulgar» esanez kalifikatu zuen Calbetón. Barojaren iritzi hori 1955eko «Boletín de la Sociedad Vascongada de Amigos del País» agerkariaren 112. aletik hartua da.
Bide batez, Piratek badute lana «Puiuelo» izen jator donostiarra berreskuratzen. Esan bezala, Puiuelo kalean La Flamenca izeneko denda eta ostatua omen zegoen. Ez dugu uste hango jabeak bere burua gutxiestea bilatuko zuenik horrela deituta, bera Flandriakoa zela edo herri horretako mozkinak saltzen zituela adierazi baino.
Izan ere, Austriar enperadoreekin Gaztelako Erresuma Europako eremu zabalak menderatzen hasi zen. Flandria (Herbehereetako parte bat) gogor borrokatu zen Gaztelako Erresumatik libratzeko. Eta Gaztelako militarrak eta soldaduak krudelki aritu ziren haien kontra, lur haiek menderatzen jarraitu nahian. Horrelako krudelkeria eta krimenak egin zituzten gaztelarrek -edo espainolek- ezen lur haietan haur bat temati jartzen bada, ez duela-eta jan edo lo egin nahi, «Albako Dukea azalduko» zaiola esanez beldurtzen dute. Flandria bi mende luzez izan zuen Gaztelak menpean, harik eta 1713an Utrecht-eko Itunean galdu zuen arte.
Horrela, ziur aski flamenco hitza deitura peioratibo gisa erabili izan dute gaztelar hizkuntzan. Flandriarrak «harroak» (eta gauza are okerragoak) baitziren espainiarrentzat, beren herria zapaltzen uzten ez zietelako...
Dena den, XVI. eta XVII. mendeetan zehar Gaztelako lehengaiak (artilea eta beste) Flandria aldera portu euskaldunetatik joaten ziren, eta han mozkin manufakturatuak (oihalak eta beste) berriz hona heltzen ziren.
Serapio Mujikak bere 1916. urteko «Las Calles de San Sebastián» liburuan, Esterlines kalearen esanahiaz honakoa dio: «Los vascongados tenían en los siglos XIV y XV factorías en Flandes, Inglaterra, Escocia, Alemania y Francia, manteniendo muy activas relaciones mercantiles con los hanseáticos o esterlines que monopolizaban entonces el tráfico de los países del Norte, y como San Sebastián era por su mayor antigüedad respecto de Bilbao, el centro de contratación más importante de la costa cantábrica y la plaza más frecuentada por los teutónicos, tendrían a su vez alguna lonja y hospederías en la `Calle de Esterlines' de la vieja Donostia, derivándose su nombre de esta circunstancia».
Esterlinesen eta noski, Puiuelon zituzten dendak eta ostatuak!
Are gehiago, XVII. mendearen bukaeran flandriar bat eta bi baino gehiago Gipuzkoako herrietan bizi izan zirela badakigu. Horrek, nolanahi ere, beste ikerketa lan bat merezi du.