Angelu atzean utzi ostean, Bordelen ere erasoak jasan dituzte nomadek
Angeluko Girouette kirol zelaian kokatu ziren «ibiltarien» karabanek atzora arte bertan geratzeko baimena lortu bazuten ere, igande goizean lekua uztea erabaki zuten. Ondoko helmuga Akitania eskualdeko Bordele hiriburua zuten, baina hara iritsi bezain laster Angelun izandako istiluak errepikatu egin ziren. Protesta gisa, Akitaniako zubia hiru orduz blokeatu zuten nomadek igandean. Atzo ere blokeoak eta manifestazioak egin zituzten egoera salatzeko.
A.B. |
Nomadek estatu frantseseko bideak zeharkatzen dituzte urtean zehar, karabanaz, 100etik 300era ibilgailuz osaturiko taldeetan. Batzuk urte osoan ibiltzen dira bidean, baina Paris inguruan finkatuta, bizimodu sedentarioa dutenak ere badira. Horiek ere urtero ekiten diote bidaiaren tradizioari, eta hiru hilabetez, karabanak lagun dituztela hiriz hiri ibiltzen dira. Turisten erara, atsegin dute Lapurdiko itsas bazterrean geldialdia egitea, eta aurten ere udako albistegietan gaurkotasun biziko gaia izan da hori. Orotara, 400.000 rom, nomada, bidaiari edo ijito daude estatuan.
Joan den abuztuaren 1ean, 300 bat karabana Angeluko Girouette kirol zelaian kokatu ziren. Baiona, Angelu eta Biarritzen halako karabana kopuru handia jasotzeko harrera gunerik ez dagoenez, baimenik gabe kokatu ziren bertan.
Ondotik, urtero gertatzen den bezala, Jean Espilondo Angeluko auzapez sozialistaren eta bidaiarien artean harat-hunat juridikoa sortu zen. Bitartean, egonaldia hamar egunez luzatzeko aukera izan zuten nomadek.
Baina, orain arte gertatu ez bezala, Angeluko Girouette kirol zelaian joan den ostiralean nomaden eta CRSkoen artean izandako istiluek urteroko albiste horri beste irudi bat eman diote.
Nicolas Sarkozy frantses lehendakariak berriki Rom komunitateko ijitoen aurka egindako adierazpenen ondorioz nomaden aurkako borroka indartu du Estatu frantsesak. Eta 300 karabana horiek Angelun atzoko goizeko bederatziak arte geratzeko baimena lortu bazuten ere, igande goizean abiatu ziren bertatik Bordelerantz.
«Arrazakeriari beldur»
Akitania eskualdeko hiriburuan Angelun gertatutako istiluak errepikatu dira. Lapurditik, Alain Juppe auzapezari Bordelera bideratzen ari zirela jakinarazi zioten «bidaiariek». Karabana taldeak, hirira iritsi, eta urtero okupatzen duten zelaiko bidea hartu zuten igandean bertan. Han zain zituzten CRS poliziak, okupazioa oztopatzeko. Istiluak izan ziren, eta horren ondoren, nomadek hiru orduz blokeatu zuten Akitaniako zubia, «baldintza egokietan finkatu ahal izateko» gune bat eskatuz.
Istilu, blokeo eta elkarretaratzez beteriko egun luze baten ondotik, erakustazokaren parkeko aparkalekuan geratzea ontzat jo zuten «bidaiariek». Atzo, berriz, Alain Juppe auzapezarekin bildu ziren nomadak, egoerari aterabide bat bilatzeko ahaleginean. David Elzière Tolosako ijitoen apezak «Sud-Ouest» egunkariari egindako adierazpenetan esan zuenez, «handituz doan arrazakeriaz beldur dira». «Ijito askok tamaltzen dituzte Sarkozyren erranek sortzen dituzten nahasketak. Ijitoei onartzen diete bidaiatzeko eskubidea, baina ez inon gelditzekoa», salatu zuen.
Estatu frantsesean 400.000 lagun biltzen ditu «bidaiarien» komunitateak. Horietarik %95ek frantses nazionalitatea dute. Ijito-nomaden harrera legeztatzeko, bost mila biztanletik gorako hirietan horiek «baldintza egokietan» jaso ahal izateko harrera gune bat prest izatera behartzen duen legea onartu zuten 2000. urtean. Hamar urteren buruan, eta Lapurdi kostaldeko egoerari begira, ez dago San Bernard Baionako portuan berriki sorturiko guneaz beste harrera gunerik. Halere, Angelun gertaturikoa kontuan harturik, hori ere eskas geratzen da. David Elzière apezak gogorarazi zuen, ordea: «Departamendu bakoitzean harrera gune egoki bat egon beharko litzateke, baina ez da hala gertatzen». A.B.