GARA > Idatzia > Kultura

Gipuzkoako dantza zaharrak sarean ikasteko aukera jarri du Oskorrik

Oskorri taldea proiektu berri batean murgilduta dabil. Dantza eta musika uztartuz, Baztango Dantzariekin batera partekatuko dute oholtza. Aurrez pausuak ikasteko internet bidezko «dantza kluba» ere jarri dute martxan. Datorren astelehenean Bilbon izango dira.

Ane ARRUTI |

Datorren martxoaren 25ean beteko dira berrogei urte Oskorri taldeak lehenengo kontzertua eman zuenetik, eta egun seinalatuari begira, martxan dute jada proiektu berria. Juan Ignazio Iztueta (1767-1845) dantza maisuak bildutako Gipuzkoako doinu zaharrak gogora ekarriz, diskoa, DVDa eta liburua plazaratzeko asmoa aurreratu zuen atzo Natxo de Felipe taldeko gidariak.

«Euskal Herrian izan den dantzaririk garrantzitsuena da. Oso sen bereziko tipoa zen, gaztaroan bizi izan zuen Iraultza frantziarra eta moda berriak nola sartzen ziren ikusi zuen», azaldu zuen De Felipek. «Garai berriak ziren, kultura arloan gauza asko mugitu ziren. Txistulariak ere lehenbizikoz musika ikasten, idazten eta irakurtzen hasi ziren eta Europan modan zeuden partiturak inportatzen joan ziren. Oso modan jarri ei zen kanpoko musika eta horrekin batera baztertu egin zuten bertoko ohiko errepertorioa. Urte gutxiren buruan, dantza zahar gehienak galdu ziren. Iztuetak, pixka bat eskandalizatuta, liburu bat atera zuen dantzen azalpen guztiekin. Gu apunte horietan oinarritu gara».

Iztuetak bildutakotik hamalau-hamabost dantza zahar aukeratu dituzte eta plazetan «emanaldi mistoak» eskainiko dituzte orain: Oskorriren betiko kantuak, batetik, eta Baztango dantzariekin batera dantzatu eta azalduko dituzten erritmoak bestetik. Datorren astelehenean, Aste Nagusiaren baitan, Bilboko Plaza Barrian eskainiko duten kontzertuan, hamalau dantza estreinatuko dituzte.

«Oskorri Dantza Klub»

Geldirik egoteko aitzakia gutxi izango da, beraz, hemendik aurrera Oskorriren kontzertuetan, bertan emango dituzten azalpenez gain, etxeko lanak eginda joateko aukera eskaintzen baitute Internet bidez. Youtube atarian, «Oskorri dantzak» izenarekin, hainbat azalpen bideo eskegi dituzte dagoeneko eta, pixkanaka, bideo gehiago igotzen joango dira. «Jendea dantzara etortzea gustatuko litzaiguke», esan zuen De Felipek.

Bestalde, «Oskorri Dantza Klub» deritzona jarri dute martxan. Bertan izena ematen duten guztiek, aurrerantzean prestatzen joango diren dantzen musikak, bideoak eta emanaldi berrien deialdiak jasoko dituzte posta elektroniko bidez. «Non egin behar dugun hurrengo kontzertua, zein dantza prestatu ditugun, aldaketarik baldin badago dantzaren batean... hori guztia. Esaterako, datorren astean maketa berri bat grabatuko dugu dantza berri hauekin eta bidaliko genizkieke mp3 berriak, haiek etxean izateko ordenadorean gordeta eta nahi dutenean entseatzeko. Bostehundik gora dagoeneko apuntatu dira eta askoz ere gehiago apuntatzea nahi genuke». Horretarako, natxooskorri@euskalnet.net helbidera mezu bat bidali baino ez da egin behar, izen-abizenak zehaztuz.

Dantza taldeetatik harago, dantzazale orori luzatutako proposamena da honakoa eta, batez ere, «gaur egungo euskaldunek gozatzeko egina. Hiri ukitu bat eman nahiko genioke. Helburua ez da tradizio bat bere horretan errekuperatzea. Gure bertsioak modernoak dira, Baztango dantzariak prestatuak, gaur egun ezagutzen den urrats errepertorio osoa kontuan hartuta».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo