GARA > Idatzia > Ekonomia

Eraikuntza sektoreko 28 urteko langile bat hil da Bilbon, lan istripuz

M.S., Aralan-ek azpikontrataturiko Mamad Farroq enpresako langilea, luxuzko etxebizitza batzuen eraikuntza-lanetan ari zela, lehen sototik bosgarren sotora erorita hil zen iragan asteazkenean.

p023_f01.jpg

A.Z. | BILBO

28 urteko M.S. gazteak bizia galdu zuen iragan asteazkenean lanean ari zela istripua izan ostean. Horixe jakinarazi zuen atzo LAB sindikatuak prentsa ohar batean. Aralan enpresak azpikontrataturiko Mamad Farroq enpresako langilea Bilboko erdigunean egiten ari diren luxuzko etxebizitza batzuen eraikuntzan ari zen lanean. Zehazki, lehenengo eta bigarren sotoen arteko arrakala batean obra-hondakinak ateratzen ari zenean -oraindik ezagutzen ez den arrazoi bategatik-, oreka galdu zuen eta, ertzeko babesak amore eman ostean, bosgarren sotoraino erori eta hil zen, sindikatuak azaldu zuenez.

LABek babesa eta elkartasuna helarazi nahi izan zien hildakoaren senideei eta hurbilekoei eta gaur, 11.00etan, eraikuntza sektorean berriro ere lan-istripu batek eragin duen heriotza salatzeko, Bilboko Leizaola Lehendakaria kalean elkarretaratzea egingo duela jakinarazi zuen.

Izan ere, zazpi eguneko tartean, eraikuntza sektorean lan istripuz bi langile hil direla gogorarazi zuen sindikatuak. Hain justu, joan den abuztuaren 11n AHT egiteko lanetan 49 urteko langile bat hil zen Arabako Durana herrian.

«Behin eta berriz errepikatzen dira horrelakoak», salatu zuen atzo LABek. Alegia, beste behin ere «prekarietatea nagusi den eraikuntza-lan batean» gertatu dela ezbeharra eta, horrelakoetan ohikoa den moduan, «azpikontratazioa eta behin-behinekotasuna istripuen oinarrizko osagaiak» diren arren, administrazio publikoek ez dutela «ezer egiten».

Aitzitik, administrazioek egiten duten bakarra «publizitate kanpainak» zabaltzea dela kritikatu zuen eta hori «herritarrak engainatzea» dela, azken batean. Zentzu horretan, «eztabaida sozialaren mahaia» delako horretan horrelako erorketak ekiditeko administrazioak bultzatu zuen kanpaina «zoragarria» -«Lotu» izenekoa- non dagoen galdetu zuen sindikatuak. «Hementxe dago beren kanpainaren emaitza», salatu zuen, «marketina egitea ez baita nahikoa».

Izan ere, istripuen benetako arrazoiei egin behar zaiela aurre berretsi zuen, prekarietateari, azpikontratazioari, behin-behinekotasunari nahiz lan erritmoari, alegia eta, bide horretan, istripuak ekiditeko benetako neurriak hartu behar direla.

«Kapitalismoaren errezeta»

Azken lan istripu hau Bilbon egiten ari diren luxuzko etxebizitzetan gertatu izanari erreparatuta, obra horietan «segurtasun neurri eskasak» erabiltzen dituztela salatu zuen, hots, «kapitalismoaren errezeta» erabiltzen dela, alegia, ahalik eta denbora tarte txikienean ahalik eta gehien eraikitzea. «Noski, giltzak 2010ean emateko epea bete behar da», kritikatu zuen ironiaz, «eta hori guztia langileriaren odolaren eta bizitzaren kontura» egiten dela gaitzetsi zuen.

Azkenik, neurri eraginkorren gabeziak, enpresarien erabateko «immunitateak eta zigorgabetasunak», nahiz «esplotazioan oinarritutako politika neoliberalek», heriotza eta miseria baino ezin dutela sortu baieztatu zuen. Horregatik, «aldaketa lortzeko, mobilizazioa eta borroka» ezinbestekoak direla berretsi zuen.

47 hildako

Urtea hasi zenetik, gutxienez 47 langile hil dira lan istripuz Euskal Herrian. 10 Araban, 16 Bizkaian, 9 Gipuzkoan, 3 Iparraldean eta 9 Nafarroan. Neurri eraginkorren gabeziak, enpresarien zigorgabetasunak eta langileen esplotazioak heriotza eta miseria baino ezin dutela sortu salatu du LABek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo