GARA > Idatzia > Kultura

ESZENAK

Festarik festa...

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Donostiako festak amaitzear dira eta giro onarekin eta parrandarekin batera, gauero, su artifizialen ostean, antzerkia daukagu Gipuzkoa plazan. Baina antzokiak ere, fikzioz beterik dauzkagu eta, egunotan, 1942. urtean estreinaturiko «To be or not to be» filmaren antzerki moldaketa ikuste dezakegu Victoria Eugenia antzokian. Ernest Lubitsch zinemagile aski ezagunak idatzi eta zuzenduriko klasiko honek izenburua Shakespeareren «Hamlet» antzezlanari zor badio ere, filma Polonian kokatzen da Bigarren Mundu Gerran. Nazien aurkako satira bikain hau lehen aldiz ikusi ahal izango dugu agertoki gainean Teatro Meridional-en eskutik. Donostiako festak amaitu bezain pronto, Bilbokoak hasiko zaizkigu eta festekin batera, kale antzerkia. Izan ere, Argentinatik, Belgikatik, Herrialde Katalanetatik, Txiletik eta Euskal Herritik etorritako hamabost ikuskizun ikusteko aukera izango dugu egunero Arriaga plazako anfiteatroan.

Baina antzerkia ez dugu festetan bakarrik izango, antzerkia bera ere festa bilakatzen baita. Araian, esaterako. Hilaren 6an hasitako Araiako Umore Azokaren XVII. edizioa hilaren 23ra arte geure artean izango baitugu. Aurtengo edizio honetan hogeita hiru emanaldi eskainiko dira orotara, hamabost Asparrenan eta beste hogeita zortziak, berriz, Araba osoan zehar. Eta urrutixeago ere, bada Danimarkako herri bat, Holstebro, antzerkia festa bilakatzen dena, Oddin Week Festival hain zuzen ere. Hilaren 12an hasi zena eta gaur amaituko dena. Eugenio Barba eta bere taldea, Odin Teatret, herri horretan geratu ziren 1966. urtean. Jaialdi hori sortu zuten eta, kulturaren bidez, herriari bultzada ekonomiko eta kulturala eman zioten, baita antzerkiari berari ere. Eugenio Barba eta Odin taldearen historia oparoa da euren sorkuntzei dagokienez (81 ikuskizun), bai eta euren teoria eta praktiken ekarpenengatik ere. Euren liburuek garai bat markatu dute eta euren tailer, topaketa eta laborategiak mundu osoan zehar zabalduak izan dira.

Eta antzerki festei buruz ari naizen honetan, ezin Tarrega ahaztu, irailaren 9an hasiko baita aurtengo hogeita hamargarren edizioa. Laurogei antzerki konpainia izango dira orotara, eta hiru izango dira Euskal Herritik joango direnak: En la Lona, «Exodo» antzezlanarekin, Gaitzerdi Teatroa «Udamina» lanarekin eta Trapu Zaharra berriz, «Camping Renove»-rekin. Ikuskizunen artean, antzerkiak ez ezik, dantzak, zirkuak, clownak, txotxongiloek eta musikak ere izango dute bertan merezi duten tokia, zaleek zein beste jaialdi eta hirietako programatzaileek proposamen berrienak ezagut ditzaten.

Antzerkia festarik festa dabilen uda honetan, hiri, herri eta auzoak festaz mozorrotzen ari dira. Baina bada bat, duela hogeita bost urte sudurrekin aurrera egin zuena eta espero dugu, aurten ere, sudurrarekin edota sudurrik gabe, festa jator hau ospatzen jarraitu ahal izatea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo