GARA > Idatzia > Kultura> Musika

Opor garaian, erretiro kontuak

p049_f02_148x80.jpg

ARITZ SOUND SYSTEM
Kazetaria eta musika adiktoa
 
Udaren «oasian» itzalean geratu bada ere, azkenaldian asko hitz egiten ari da jubilazio edo erretiro kontuez (udara eta gero ere gai «bero» horietakoa izango omen da). Espainiar Estatuko gobernu «ezkertiarrak», beste astakeria batzuen artean, erretiroan aldaketak egin nahi dituela-eta, hauts ugari harrotu da, nonbait.

Ez gintuzke harritu behar, beti bezala, boterearen morroi diren politikariek langileek sufrimendu eta borroka handiarekin urteetan lortutako eskubideak murriztu nahi izatea, aitzakia (krisia) duten bakoitzean. Erretiro pentsioak pribatizatzea goxoki ederra da batzuentzat. Kontu hauetaz ari ginela, lagun batek musika munduan erretiro kontuak nola egiten diren galdetu zidan. Egia esan, «jubilazio» eta «musika» hitzak ez ditut inoiz elkarrengandik gertuegi sumatu.

Musikari ez profesionalaren ikuspuntutik, erretiroarena ez da bere buruarekin identifikatzen duen zerbait. Urteak eraman ditzakezu astebururo saioak emanez eta (lan) ordu mordoa eginez, baina zure egoera arautu gabe dagoenez, (musikari ez profesional gehienena bezala), horrek ez du ustez dagokizun erretiro horretan eraginik izango. Musikarien artean, orokorrean, gutxi dira erretiro adinera aktibo iristen direnak eta ez da harritzekoa. Musika munduak energia asko exijitzen du eta baldintzak ere gogorrak izaten dira normalean; gaueko orduak, kilometro asko, ekipoekin gora eta behera eta abar. Lan asko eta diru gutxi.

Motibazioak ere aldatzen doaz denborarekin. Kirolarien lan bizitza ere mugatua izaten da, adibidez, baina hauek askoz marjina handiagoa eta hobeto arautua dutela iruditzen zait, baita maila erdi-profesionalean ere. Gure kasuan, ia hamabost urte daramatzagu asteburuero saioak egiten eta, dagoeneko, gauez eta parranda giroko saioekin nekatu samar gabiltza. Inoiz ez gara bereziki parrandazaleak izan baina, maite dugun musika zabaltzeko asmoz, ahalegin bereziak egin ditugu lan horretan. Urteekin, ordea, gauzak desberdin ikusten dituzu (gorputzak ere beste erritmo bat eskatzen dizu) eta bide berriak zabaldu eta motibazio berriak iristen zaizkizu. Musikak duen potentzialtasun hori parrandarako baino beste zeregin batzuetarako bideratu nahiko genuke, gazteenekin lan egitera, adibidez. Musikari profesional eta erdi-profesionalen lan baldintzak hobetu behar dira, zalantzarik gabe, eta horretarako (beti diogun bezala) ezinbestekoa da elkartu, antolatu eta gogor borrokatzea. Gainerako arloetan baino askoz ere atzeratuago gaude maila honetan, eta lan asko dago hemen ere egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo