Iraken etapa bat bukatuta, «misioak» aurrera darrai
Badirudi Irak, Afganistan bezala, ez dela Barack Obamaren gustuko platera. Inbasio haren bilakaera ikusita, ez da harrigarria inoren gustukoa ez izatea. Baina ematen du AEBetako presidenteak ez duela asmatzen zama hori gainetik kentzeko ahaleginean. Egia esan, ez baita asmatzen erraza. Atzo, goizean goiz, AEBetako Armadako azken borroka taldeak Iraketik atera ziren. Oraindik 56.000 soldadu estatubatuarrek jarraitzen dute herrialdean, baina iraila baino lehen 50.000ra murriztuko dute kopurua. Soldadu horien egitekoa Armada irakiarra hezi eta AEBen interesak zaintzea izango omen da. Beraz, AEBen parte-hartze militar zuzena bukatzear da, baina ez Washingtonen misioa. Gogoratu beharra dago, nolanahi ere, misio horren arrazoia ez dela 2003an Irak omen zen «arriskua» ezabatzea -gerora argi geratu zenez, ez baitzuen suntsipen handiko armarik-, baizik eta AEBen interes geoestrategiko eta ekonomikoak. Zazpi urte eta erdian ehunka mila lagun hil dira Iraken inbasioaren ondorioz, Irak huts egindako estatu bihurtu dute eta, hango Gobernuak herrialdearen segurtasuna bermatzeko gai izango dela esan bazuen ere, ez dirudi, hain justu, egoerak hobera egingo duenik. Etapa horri Irak Askatzeko Operazioa deitu diote, eta hastear dago misioari izen berria emango diona: Egunsenti Berria Operazioa. Eguna argitzeari beldurra izateko modukoa.