Xabier Silveira Bertsolaria
Plazebo efektua
Nik ere izan nuen nire Power Balance-a, poguerbalansa, nire autoboterearen azken zalantza. Balantzaka pentsatzearen sentsazioak eraman ninduen arraunlari batzuengan konfiantza jarri eta apustu egitera. Hogeita hamar euro, baietz oreka aurkitu! Eta nola ez, apustua galdu. Baina iraun zidan efektuak hasieran, aste batzuetan, eta benetan onartu beharra daukat ez nuela motiborik topatu eskumuturreko hura soinetik kentzeko, gainetik kentzeko. Bera begi-bistan edukitzeak eragingo zidan, ziurrenik, baina poker mahai batean esertzean edo oholtza batean mikro aurrean jartzean, desberdina zen tentetasuna, ikusmira, egoeraren kontrola. Beste oreka batekin pausatua banintz bezala. Haren eragina dudatan jartzen zuten artikuluak, albisteak, komentarioak iritsi zitzaizkidan arte. Ergel-detektagailua zela zioen hura irakurri nuenean, txistu soinuan hasi, alboetara begiratu eta kolpe azkarrean kendu nuen nire plastikozko bitxia. Eta gaur arte, are eta hobeto doakit gabe, zutik baino esertzen naizenean, egia da hori ere.
Baina hasierako efektua nork uka diezadake? Taberna genuen garaian, Saski Berriko garai magiko haietan, alkoholik gabeko hamar garagardo edan eta zutik egoteko gai ez zenik izan zen. Botila hutsak erakutsi genizkionean pasa zitzaion mozkorra eta sei hilabete beranduago lotsa.
Burutapen hauek droga berri baten existentziaren berri izateak sorrarazi dizkit. Droga hau soinu nahasketa bat entzutea izaki, haluzinazioak sortzerainoko «kolokoiaren» erantzulea litzateke, jakin dudanez. Baina badira zientzialariak droga izaera ukatzen diotenak, plazebo efektua baino ez delakoan.
Ulertzeko gai ez garena beti da gezurra; horrelakoa da beldurra.
Entzun nahi dugunarekin, ordea, ez dugu berdin jokatzen. Gure dohainak goraipatzen ari zaizkigunean, esaterako, zein ona zaren, zein ongi egiten duzun... lorategi efektua gustatzen zaigu, lore guztiak gugan bildu eta etxera eraman, beraiekin oheratu eta bihar horiek lantokian erakutsi. Baina zergatik dira horiek egia? Eta hala izatekotan, noiz arte izango dira? Epe luze batez entzun gabe egonda, edo kontrakoa entzutearen ondorioz, desagertzen ote da efektua? Ziurrenik bai.
Errealitate sortzaile da pertsona; ahalguztiduna, gutxien uste duenetan; ezer ez, gehien behar duenean; eta alderantziz. Jende askok, gehiegik agian, auto zehatz bat maneiatzen duelako la ostia dela sinesten du eta, gainera, egiten duen bitartean, la ostia sentitzen da. Nola ukatuko diot la ostia denik? Nik? Bera da bere egiaren jabe; berea da, berea bakarrik. Berak ikusiko du zer haluzinazio mota aukeratzen duen errealitate globaletik at egiteko. Nik nirea aukeratzen dudan bezalaxe, eta zuk zurea. Eta bestela, galdetu zure buruari: Zure bikotekidea egia da edo plazeboa? Zure lagunak zer dira? Zure zu, zu zara edo etxean uzten duzu? Zure lana benetakoa da edo simulatua?
Baina erantzuna dena dela ere, ez duzu zertan larritu, ez baitiozu inori ezeren azalpenik eman behar. Egiazkoa zarela argi duzun bitartean, zer inporta du gezurrezkoa izateak?