Erritmo azkar eta biziek hartuko dute Hammered festibalaren bigarren eguna
Koldo OTAMENDI | DONOSTIA
Aste Nagusiaren azken txanpan bete-betean sartuta, musika protagonista nagusi bihurtu da Donostiako jaietan. Sagues, Easo plaza eta La Flamenka gunean biltzen dira musikazale gehienak, baina badira bestelako doinuak programatzen dituzten aretoak ere. Horietako bat da Hammered Fest izeneko jaialdia. Erritmo biziak, metal giroa, hardcore azkarra eta haratago doazen doinuak nagusituko dira gaur gauean Guardetxe aretoan izango den jaialdian. Euskal Herriko mugimendu alternatibo eta undergroundaren eszenaren erakusleiho bilakatuta, azken urteetan, bidea jorratzen ari diren musika taldeen gazteen topaleku bilakatu da irabazi asmorik gabeko Hammered elkartea. Disko bildumak editatzez gain, Hammered Fest jaialdia antolatzen dute, non makina bat talde gazte igotzen diren taula gainera.
Bart gauean abiatu zen jaialdia The Hostile, Yaw, Marvin, Krilin eta Forus taldeekin, eta gaur, jaialdiaren bigarren egun honetan, Cohen (Urnieta), Madeleine (Donostia), The Rodeo Idiot Engine (Baiona), Defectos Comunes (Miranda Ebro) eta Wayne (Santander) taldeak ariko dira zuzenean. Musika biziaz gozatzeaz gain, zozketa ugari izango dira jaialdiaren karietara.
Parte hartzen duten taldeen artean, disko berria argitaratu duten zenbait talde daude. Maiatzean kaleratu zen Cohen talde Urnietarraren «Subconscious Mind» lana, taldearen lehen iraupen luzekoa. Era berean, Madeleine taldeak ere Radix diskoetxearen babesean kaleratu berri du sei kantuz osaturiko digi-pack diskoa eta, azkenik, The Rodeo Idiot Engine talde lapurtarrak lan berria aurkeztuko du Europan barna kontzertu bira burutu eta gero. Euskal Herriko taldeak ezik, Defectos Comunes eta Wayne taldeek ere hartuko dute parte gaur gaueko jaialdian.
Festibala iluntzeko zortzietan abiatuko da eta sarrera bost eurokoa da. Aukera ederra, bidea jorratzen ari diren musika talde gazteak ezagutu eta sorkuntza berriekin gozatzeko.