GARA > Idatzia > Kirolak> Athletic

Denboraldiaurreko azken urratsak

Koikili, aurten ere jokatu ahal izateko itxaropentsu

Aurtenetxeren eta Castilloren atzetik legoke Otxandiokoa ezker hegaleko atzelari posturako lehian.

GARA | BILBO

Athleticera iritsi zenetik, antzeko ibilbidea bete behar izan du Koikili Lertxundik. Ia gehienetan baten bat izan du aurretik ezker hegaleko atzelari posturako. Alabaina, Otxandioko jokalariak titular izatea lortu du gehienetan.

Liga denboraldia hasteko astebete eskas falta delarik, Koikili titular postutik inoiz baino urrutiago dagoela dirudi. Jon Aurtenetxe gazteak hartu du postu hori denboraldiaurreko neurketetan -eta harrobiko teknikariek Enric Saborit berandu baino lehen lehenengo taldera iritsiko dela uste dute-, eta jokatu ezin izan duenean -herenegun, esaterako- Xabi Castillok hartu du haren lekua. Dena dela, Sestaoko jokalari ohiak ez du itxaropenik galdu.

«Liga hasi arte ezin da esan zein izango den ezker hegaleko atzelari titularra. Denboraldiaurrean denontzat izan dira minutuak postu horretan eta, hortaz, entrenatzaileak guztiak ikusi gaitu jokatzen», adierazi zuen.

Aurreko urteetan Ligari Asier del Horno, Mikel Balenziaga -Caparrosek ezker hegaleko erdilari gisa nahiago du Zumarragako jokalaria- eta Xabi Castilloren ordezko moduan ekin badio ere, azkenean bere lekua aurkitu du, eta aurten ere antzera izan dadin ahalegindu gabe ez da geratuko, antza. «Baliteke hasiera batean hamaikakoan lekurik ez izatea baina, hala izanda ere, jo eta ke borroka egin beharko dut. Lehiakortasun handia izango dugu leku horretan jokatzeko eta, hala, posible da azkenean batek baino gehiagok izatea jokatzeko aukera».

Koikili Lertxundiri, gainera, aurten amaituko zaio kontratua. Dena dela, «zentzu horretan, dena geldirik» dagoela adierazi zuen, eta bere egiteko bakarra «kluba nirekin pozik egon dadin lanean jarraitzea» dela gaineratu zuen Otxandiokoak. «Denboraldia hasi ere ez da egin eta hitz egiteko nahi beste egun izango dira».

Zurrumurruak utikan!

Bestalde, azken aldion Javi Martinez zein Fernando Llorente Real Madrilera joateko kontuaren inguruan galdetu zitzaion. Horren aurrean, ezker hegaleko atzelari beteranoak ez zuen zurrumurru horien inguruan sakondu nahi izan, nahiz eta bi jokalariok alde egingo balute, «kolpe latza» izango litzatekeela onartu zuen.

«Kolpea litzateke taldearentzat joango balira; munduko txapeldunak dira biak, alajaina! Hala ere, aldageletan ez da halako konturik inola ere atera, ezta adarra jotzeko orduan ere», esan zuen.

Raul Fernandez ordezko atezaina ere denboraldia hasteko «gogotsu» azaldu zen. «Inporta duena taldeak denboraldi ona egin dezala da. Gero jokatzeko aukerarik badut, ikusiko dugu».

«Denboraldi aurrea ongi datorkigu erritmoa eta sentsazio onenak erdiesteko, baina lehia noiz iritsiko zain gaude», onartu zuen atezain bilbotarrak.

azken urtea

Denboraldi honen amaieran amaituko zaio kontratua Koikiliri. Otxandiokoaren hitzetan, «dena geldirik dago, baina egunak sobera daude alde biak akordio batera iristeko. Orain egin beharrekoa lanean gogor jarraitzea da».

Ander Murillo, Athletic utzi eta Celtan jokatzera

Beste urtebeterako kontratua bazuen ere, Ander Murillok Athletic behin betiko laga du eta Vigoko Celtan jokatuko du aurrerantzean, iaz Salamancan utzita jokatu ostean. Atzelari donostiarrak zortzi denboraldi eman ditu talde zuri-gorrian, eta 157 partida jokatu.

Caparrós sorprende al anunciar una «oferta por Xabi Alonso»

Joaquín Caparrós sorprendió en la comparecencia ante la prensa posterior al duelo que enfrentó a los leones el miércoles ante el Logroñés. Hastiado por el tema del interés del Real Madrid por Llorente y Javi Martínez, el utrerano contraatacó anunciando en tono ácido una oferta por Xabi Alonso. «El Athletic no es un club vendedor. Es más, vamos a hacer una oferta por Xabi Alonso. Es un jugador que entra en nuestro perfil y vamos a negociar con el Real Madrid su rescisión. ¡Está bien ya todo este tipo de cuestiones!, porque ya se ha dicho que no se va a vender a los jugadores», dijo.

GARA

Mohamed Sarr, Herculesen azken fitxaketa

Athleticen Ligako aurreneko arerioak, bere azken fitxaketa egin du: Mohamen Sarr senegaldarra. Lieja-ko Standard taldetik dator 26 urteko eta 1,88 metroko atzelari hau. Aurretik, Treviso taldean duela 10 urte egin zuen debuta eta Milano, Atalanta eta Vittoria taldeetan jokatu du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo