GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Top 14

Hartutako abiadurari eutsi behar diote euskal taldeek

Baionako Avironek Agen hartuko du etxean 19.00etan eta Biarritzek, Toulon, 21.00etan.

p033_f01.jpg

Jon LEUNDA

Lehen jardunaldian hartutako abiadurari eustea garrantzitsua izango da bai Biarritzentzat bai Avironentzat. Top 14ko bi euskal taldeek lehen jardunaldian garaipena lortu zuten, eta zaleen itxaropenak indartzen jarraitzeko garrantzitsua izango litzateke bigarren jardunaldian ere lau puntuei eustea.

Avironek, 19.00etatik aitzinera, Agen hartuko du gaur Jean Dauguer estadioan. Frantziarrek 44-24 galdu zuten lehen jardunaldian Tolosan, eta zuri-urdinek aukera ederra dute bigarren garaipena errenkadan lortzeko.

Toulonen lau puntuak batu ostean, Baionakoak oso itxaropentsu daude, eta badakite garaipenen bidetik jarraitzea garrantzitsua dela iazko estutasunak ez pasatzeko. Jokalariei dagokienez, Lievremontek ez du hamabostekoa ezagutzera eman. Hori bai, badirudi Martin hasieratik arituko dela. Joan den astean ez zegoen jokatzeko moduan, baina ezeren okerrik ez dela, gaur hamabostekoan arituko da. Bera prest egongo ez balitz, Marmouyet arituko da bere ordez.

21.00etatik aurrera, berriz, Biarritzek Toulon hartuko du Agileran. Ondoz ondoko bigarren partida izango dute etxean eta ondoz ondoko bigarren garaipena lortu nahi dute. Toulon ere Ligako sei onenen artean sartzeko asmotan dabil, baina lehen jardunaldian galdu egin zuen etxean Avironekin. Beraz, zuri-gorrientzat oso garrantzitsua da gaur garaipena erdiestea.

Frantziarrak, gainera, hutsune askorekin etorriko dira, jokalari asko falta baitituzte. Berrikuntza, berriz, Wilkinson izango da. Ingalaterrako izarrak ezin izan zuen joan den astean jokatu min hartuta zegoelako, baina gaur hasieratik arituko da, itxura denez.

Jean Michel Gonzalezen mutilek lehen partida irabazi arren, ez zuten neurketa handia egin. Dimitri Yachviliren jaurtiketek erabaki zuten auzia. Jokalari hau sasoiko ibiliz gero, aurten puntu asko emango dizkio talde zuri-gorriari. Hasierako hamabostekoa erabakita zuela iragarri zuen atzo Gonzalezek, eta azken orduko ezusterik ez bada, honako hau izango da: Balsaw, Ngwenya, Fior, Mignardi, Bidabe, Peyrelongue, Yachvili, Lauret, Harinordoki, M.Lund, F.Lund, Thion, Johnstone, Terrain eta Marconet.

Partida hori Frantziako Canal + telebista kateak zuzenean eskainiko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo