GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nafarroako Gobernuak euskararekiko duen jarrera salatu du AETk

Y.A. |

Nafarroako Gobernuaren jokaera «lotsagarria» salatu zuen atzo Administrazioan Euskaraz Taldeak (AETk).

Prentsa ohar bidez azaldu zutenez, Erizaintzako oposizioetan UPNk gidatzen duen gobernuak «bere arauei muzin eginez», euskaraz egitea ez zuela baloratu salatu zuten. AETren esanetan, ez da Nafarroako Gobernuari «euskara jakitearen balorazioa `ahaztu' zaion lehen aldia, baina oraingoan epai batekin talka egin du».

Halere, salatu zutenez, «euskara ez jakiteagatik lagun batzuek lanpostua ez lortzea Nafarroako Gobernuak onartezintzat jotzen duenez, lanpostu kopurua handitu du, `ustezko kaltetuei' lanpostua emateko».

«Konponbide» horrekin, Nafarroako Gobernuak euskararen balorazioaren inguruan «engainua eta iruzurra» darabiltzala salatu zuen euskararen aldeko taldeak.

«Baloratu gabeko merituak beste batzuk izan balira eta oposiziogileek helegitea irabazi izan balute, antzeko jokaera izango al zuen Nafarroako Gobernuak?», galdetu zuen AETk.

«Euskara kontu hutsala»

Erizainentzat, 328 lanpostu eskaini zituen Nafarroako Gobernuak. UPNk gidatzen duen Gobernuak, ordea, administrazioko langileak hautatzeko orduan, «euskaldunen eskubideei muzin eginez eta bere arauak kontuan hartu gabe», ez zuen baloratu euskaraz jakitea.

Kaltetuek aurkeztutako helegiteen ondorioz, ordea, euskara jakitea baloratu eta gainditu zutenen zerrenda aldatu behar izan zuen Nafarroako Gobernuak. Orain, hasieran onartu arren, helegitearen ondoren «kaltetuak» izan direnek «beren lanpostuak galdu ez ditzaten, lanpostu kopurua handitu du Nafarroako Gobernuak», AETren esanetan.

Administrazioan Euskaraz Taldeak salatu zuenez, «euskararen balorazioa kontu hutsala» dela agerian utzi du Nafarroako Gobernuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo