GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA I KALE ARTISTAK

Donostiako kaleak kolorez janzten dituztenen ogibidea eta bizitzeko bidea

Kaleek artistarik ez bada hutsik dirudite udan. Egunotan Bulebarrean sumatzen den girorik ez litzateke izango, txanpon batzuen truke, globoak saltzen dituzten pailazoak, atzerriko musikari ugariak edota break dance dantzatzen duten gazteak izango ez balira.

p016_f02_251x129.jpg

Eguerdiko hamabiak puntu puntuan ziren eta, Donostia eskuetan poltsak zeramatzaten ibiltariz gainezka zegoen. Artzain Oneko katedraletik San Martin kalean barrena sartuta, Alde Zaharrerako bidea hartuta, ezinezkoa zen bidea zuzen-zuzen egitea, jendea saihestu beharra baitzegoen derrigorrez. Azoka parean turisten begiradak erakarri nahi zituzten bi kale artista zeuden. Bata, kitarraren soinuarekin bere gurpildun aulkiaren mugak gainditzen saiatzen zen, aurrean, buruan koloretako punk ileordea jantzita, mutil batek xaboiarekin burbuilak egiten zituen bitartean. Jendea tartean pasatzen zen, asko beraiei erreparatu gabe. San Martin azokara sartzen ziren asko, liburuak, puntako teknologiako tresnak edota azken modako arropak erostera eta, noizean behin, baten batek, kale artistek dirua biltzeko zuten zorroan txanponen bat erortzen uzten zuen.

Bulebarrean, ohiko jendetzaren artean, pixkanaka saltzaileak eta kale artistak agertzen hasi ziren. 13.00ak aldera koloretako txirikordak egiten dituzten neska batzuk iritsi ziren. Lau denda txiki jarri zituzten kalean barrena. Denda bakoitzean bi neska jarri ziren, eta batek lurrean zutik jarritako erakusleiho inprobisatua zaintzen zuen bitartean, besteak haurrei egiten dituzten orrazkerak erakusten zizkien.

Neskatxek gustuko zituzten koloretako txirikordak eta amaren eskuari tiraka hasten ziren, amak buruarekin ezetz esaten zuen bitartean. Azkenean, batek edo bestek, Mickey Mousez jantzitako saltzaileak globoz eginiko irudiekin konformatu behar izan zuen.

Txirikordak egiten dituzten neskak Senegalekoak dira eta erruz saiatzen dira egunero bizi ahal izateko dirua lortzen. Buru osoa ilekordaz apainduta daramate eta beraien eskaintza onartzen duenak zenbait egunetan Senegaleko orrazkera tipikoa eraman dezake. Horrez gain, koloretako hariarekin, ile sintetikoarekin eta larruarekin ere egiten dituzte apaingarriak.

Ilekordak buru osoan nahi izaten dituztenak batez ere umeak izaten dira. Zintzilik txirikorda bakarra eraman nahi dutenak, berriz, helduak. Senegaldarren lau denda txikietako bateko bi neskak bazkaltzen ari ziren. Cumbak primeran hitz egiten zuen gaztelaniaz; Fatima, aldiz, ahal bezala komunikatzen zen bezeroekin. Biek egiten dituzte ilekordak, baina lehenengoak harremanetarako trebezia handiagoa izanik, bigarrena pixka bat zaintzen zuen, gerturatzen zitzaionari gertutik begiratuz.

«Txirikorda hauek oso ohikoak dira Senegalen, eta emakumeak ederrago egiten dituzte, baina hemen gutxi saltzen ari gara. Aurtengoa Donostiara etortzen garen lehen urtea da. Egia esan, kalean lan egiten dugun lehen aldia da hau, eta ez dakit itzuliko garen, ez baitugu diru gehiegi ateratzen. Kalean egiten dugu lo, bankuetan, eta polizia etortzen da eta bota egiten gaitu», esan zuen Cumbak bere lagun Fatimari begira. «Gaiztoak», esan zuen honek eskuekin bertatik botatzen dituztela adierazteko keinuak eginez.

Tarteka, denda txikiotan geldialditxoa egiten zuen jendeak, baina berehala jarraitzen zuen aurrera, berriz ere hurrengoan une batez gelditzeko, nahiz eta zerbitzu bera eskaintzen zuten prezio berean.

Kioskoaren parean zanpona jotzen ari zen gizon bat zegoen. Zanpona neurri desberdinetako tutuak bata bestearen ondoan lotuta dituen txirula moduko bat da, soinu goxoa ateratzen duena. Florentino Lago Rodriguez da musika tresna exotiko hau jotzen duen kaleko artista. Coruñakoa da eta Euskal Herrian hainbatetan ibilitakoa.

«Hemen ez dago Galizian adinako krisirik, baina, halere, jendeak ez du dirurik botatzen. Gehien gerturatzen direnak turistak dira, oporretan daudelako, eta haiei esker egunero lo egiteko toki bat ordaindu ahal izateko adina diru lortzen dut», baieztatu zuen gizonak. Aurretik, sanferminetan izan zen, gero Santiagora joateko, Xacobeo urtea zela aprobetxatuz, baina han ez zioten jotzen utzi. Hurrena, Vigora jo zuen, gero, Coruñara, eta orain Donostian dago musika jotzen eta berak grabatutako diskoak saltzen.

«Sanferminak jaiez gozatzeko aukerarik onena dira. Inoiz ez dut halakorik ikusi! Nirekin dantzan hasten ziren neska gazteekin argazkiak atera nituen, jendearekin hitz egin nuen... Rantxerak oso gustuko dituzte eta aurten disko berezia eraman dut. Hemen gehien gustatzen zaiena Joaquin Sabina da. Nik musika jotzeaz gain, abestu egiten dut, eta oso ondo gainera», esan zuen harro Lagok. Igandean, Bilbo aldera joko du bertako jaietan lan egitera.

14.00ak aldera, trapezista argentinar bat etorri eta kale erdi-erdian jarri zen bidea oztopatzen. Monoziklo baten gainean sableekin malabare jokoak egiten zituen, eta inguruan jende ugari bildu zuen. Denek adi begiratzen zioten, eta berak esandakoekin barre egiten zuten, baita zerbait egiten zuenean txalotu ere, baina emanaldia amaitutakoan txanponik bota gabe ihes egiten zuten askok. Gauza bera egiten zuten kale kantoietan zeuden mimoen ondotik igarotzean. Askok urrutitik argazkiak atera bai, baina ondotik igarotzean ez zieten begiratu ere egiten.

Alde Zaharrean, Portu kaleko ertz batean, Ukrainako bi gizon zeuden musika alaia jotzen. Batek eskusoinua erraztasunez mugitzen zuen alde batetik bestera. Bestea, ordea, itxura bitxiko xilofono bat jotzen ari zen. Zaila zen haiekin hitz egin ahal izatea, inguruan zuten jendea benetan eskuzabal agertu baitzen une horretan, eta jotzen jarraitu nahi zuten diru gehiago lortzeko. «Barkatu, baina ez dugu denborarik», esan zuen aurpegi atsegineko eta begi urdineko soinujoleak beste abesti bat jotzen hasi baino lehen. Musika klasikoa jotzen zutela bazioten ere, ez zuen Bach, Wagner edo Bizetek sortutako piezen antz handirik. Haien musika alaia San Jeronimo eta Portu kale osoan zehar entzun zitekeen.

Kale artista batzuek arrakasta handia izaten dute eta eguna amaitzerako diru dezente lortzen dute; beste batzuek, aldiz, gutxiegi. Batzuek bizitzeko egiten dute lan kalean; beste batzuek ondo pasatzeko edo euren lana ezagutzera emateko. Jendeak ez du hori kontuan izaten eta gustuen arabera jokatzen du, txanpona, beren aburuz, gehien merezi duenari emanez. Dena den, gustuen gainetik, poltsikoak agintzen du, eta artistek krisia asko nabaritzen dela diote.

Nagore BELASTEGI

Donostiako Piratek bigarren urtez ospatu zuten Helduen Eguna

Donostiako Piratak «Aingurak askatuz lehorreratu» leloarekin aurrera jarraitzen dute, eta atzo Helduen Eguna ospatu zuten. Beraien helburua adin tarte guztiei zuzenduriko Aste Nagusia posible egitea da, eta horregatik, iaz bezala, aurten ere nagusiei eskainitako eguna antolatu zuten atzoko.

Piraten egitarauko ekitaldi gehienak gazteei zuzendurikoak badira ere, asteartean ospatutako Umeen Egunean ere argi gelditu zen adin guztietako jendeak ederki pasa dezakeela.

Atzoko Helduen Eguna 11.00etan hasi zen La Flamenkan (Trinitate plazan). Chi-kun (Qi Gong) parte hartzailea egin zuten, hau da, energia kontrolatzeko teknikak. Gero, umeentzako jolasak eta tortilla lehiaketa hasi ziren. Gainera, sagardoa, txorizo pintxoak eta salda banatu zituzten. Arratsaldean herri dantzak egin zituzten, eta gauean dantzaldia izan zuten.

N. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo