GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Edukiontziez berriro

Erne ertzainen sindikatuak ezker abertzaleko kideen adierazpenak gezurtatu ditu. Ezker abertzaleak azken asteotan Hego Euskal Herriko zenbait lekutan edukiontziak erre dituztenen gaineko zalantzak agertu zituen. Ez zuen frogarik, horregatik agertu zituen zalantzak. Hala ere, Ernek, erraz lokartzen ez den sindikatuak, «gezurtatu» egin ditu adierazpen horiek, erasoak kale borrokako ekintzak izan direla esan, eta ezker abertzaleari (hala esaten baita euskaraz izquierda radical, ezta?) kontrakoa erakusten duten frogak aurkezteko eskatu dio. Froga zorrotzak beharko ditu ezker abertzaleak Ernek, Lakuako Barne Sailak edota PPk aurkeztu dituztenak gezurtatzeko. Nolanahi ere, Erne, barkatu, «adi» esan nahi nuen, zer dela-eta aurkeztu behar ditu ezker abertzaleak esan ez duenaren frogarik?

Ezker abertzaleak bere zalantzak agertu ditu -eta badu, baduenez, zalantza egiteko motiborik-; beraz, ez dago zer gezurtaturik. Nolanahi ere, eraso horiek bere estrategiatik kanpo kokatu ditu, egilea edozein dela ere. Baina Erneko lagun erneek gezurtatu egin dute ezker abertzaleak esan ez duena, Barne Sailak aurkeztu ez dituen froga ukaezinak aurkeztu gabe.

Zarauzko edukiontzien erreketaren ondoren, Barne Sailak zorroztasuna eskatu zien politikariei eta hedabideei, beren balorazioak egiaren eta egitateen gainean oinarrituta egin zitzatela, alegia. Hurrengo egunean bertan, ordea, haizeak ez baina (azpi)joko politikoaren beharrak eramandako hitzak ziren horiek, eta Barne Sail egiati eta zorrotza bera izan zen bere aholkua irensten lehena.

Lasai, Rodolfo, kezkatu barik, edozein kontraesan edo absurdu berehalakoan estaltzeko badira hamaika hedabide eta makulu-hitz bat, gaitzespena. Dinamika hipokrita eta hainbatentzat eroso horri helduko bagenio, era guztietako instituzioei, alderdi politikoei, Elizari... eskatu beharko genieke txitean-pitean instituzioen, alderdi politikoen, Elizaren... jokaerak gaitzesteko, kale borrokarik gordinenak baino askoz kalte eta hondamendi handiagoak eragin izan baitituzte.

Baina ez, ez diegu halakorik eskatuko. Nahikoa genuke horrelako kalterik batzuetan zuritu eta sarritan eragingo ez balute. Eta, bide batez, hausnarketa txiki bat egingo balute: zigorgabetasuna zein aldetan dagoen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo