GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Istripu itxura izan dezala, e!

 

Mendebaldeko siloviken mundutxo ahaltsu bezain isila, agidanez, eskolakideek «mafioso» deitzen omen zuten haurraren txistea antzezten hasi da. Bene-benetan antzezten. Oraingoz ez dira, Anna Politkovskaiaren atarira bezala, sikarioa bidaltzera iritsi; ezta Julian Assangeri polonio puska bat ematera ere, Alexander Litvinenkori bezala. Baina gero eta argiago dago Wikileaks akabarazteko diktat bat eman duela «norbaitek», eta estatu-mafia dotore horren peoitxoak lanean hasi direla, nor bere esparruan, helburu orokorra lortzeko lanean. Hori bai, guztiak «istripu» itxura izan dezan ahaleginak eginez. Informazio askatasunaren defendatzaile sutsuenak bezala agertzen jarraitu nahiko baitute, gainera.

Iragan asteburuan Suedian Julian Assange Wikileaksen sortzaile eta arduradun gorenaren aurka lehenik ezarri eta segituan kendutako atxiloketa agindu bitxiak piztu du askoren arreta eta, bide batez, islatu du hedabide konbentzional nahiz sareko gehienek arazo orokorraren aurrean hartu duten jarrera: ikusi besterik ez zegoen zein desberdina izan zitekeen albiste bat ala bestea emateko prestutasuna, edota garrantziaren balorazioa. Baina enbata lehenagotik zetorren. Eta askoz sakonagoa da, noski. Berez, ez dago oso argi, niretzat behintzat, Suedian bi emakumek Assangeren aurka ezarri bide duten salaketa azpilan horren osagaietako bat ote den ala, halabeharrez, Wikileaksen aurkako ofentsibarekin batera suertatu den jazoera guztiz bestelakoa den.

Baina isilpeko zikinkeriak -Irakekoak lehendabizi, Afganistangoak orain- argitaratuz min egin dien atari informatikoaren aurkako erasoa norainokoa izan daitekeen igartzeko aski zen herenegungo prentsa estatubatuar nagusia begiztatzea. Benetan hunkigarria baita kapitalismo basati eta araugabeenaren biblia, «WSJ» egunkaria, Wikileaksen finantzabideen gardentasun eza salatzen ikustea. Zer esan behar ote dio beleak txantxangorriari? Grazia gutxiago egiten du Daniel Ellsbergen paperak argitaratuz musu-truk gizendu zirenak ere ehiztarien tropelean ikusteak, M. Mullen almirantearen lotsagabekeriak hauspotzen, adibidez. Eta hortik aurrerakoak.

Ezin harrituko gara gehiegi, hala ere. Wikileaksek Afganistango operazioei buruz argitaratu dituen dokumentuek agerian uzten dituzten «iturrien» balizko paraderoaren erantzukizuna Assangeri eta abarri bizkarreratzen lehenetakoa Mugarik Gabeko Erreportariak (RSF) erakunde txit «eredugarria» izan baitzen. Batzuentzat, nonbait, berdintsua baita jada kazetari bati informazio egiatia helarazten dion iturriari zor zaion babesa edo isilmandatua, eta gerra egoera batean alde bati informazioa -askotan faltsua eta iruzurtia, beti interesduna- helarazten dion salatariari zor zaion (?) begirunea. Edota benetako kezka ez ote dator Afganistanen mendebaldarrek egin dituzten izugarrikerietako askoren sorburuan zetzan «informazioaren» ezagutzak bota dezakeen kirats are okagarriagotik?

Dena dela, Wikileaksen argitalpenek min egin diete gure silovikei, eta oiloak ebasten dizkien azeria ehizatzera abiatu dira. Hori bai, istripua bailitzan egiten ahaleginduko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo