GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Bea Santamaria eta Joxemi Campillo Hau Pittu Hau konpartsako kideak

Aste Nagusian euskaraz

Marijaia heldu da. Bilbo argiz, soinuz eta alaitasunez bete da, eta, berriro ere, bilbotar guztiok jaiaren zurrunbiloan murgildu gara. Zoritxarrez, agintari politikoen erasoen ondorioz, aurtengo Aste Nagusia beltz kolorez etorri zaigu. Jai eredu herrikoiari egindako erasoek, hala ere, ez gaituzte soilik horren defentsan murgildu behar. Bilboko eguneroko problematika ere azaltzen da jaietan: emakumeen aurkako biolentzia matxista, etorkinen aurkako jarrera xenofoboak, euskararen aurkako erasoak... Horregatik, jaietan holakoei ere aurre egin behar diegu.

Hau Pittu Hau 1987. urtean sorturiko konpartsa euskalduna dugu. Hau Pittu Hau-ren helburua, nola ez, bere inguruan batzen den jendeak ondo pasatzea da. Baina gainontzeko konpartsetatik bereizten gaituena ondoko hau da, ekimen guztiak euskara hutsean burutzen ditugula. Horrela, euskaldunei jaiak euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen diegu. Bilboko jaiez aparte, aratusteetan eta bestelako ekimenetan ere euskara sustatzen aritzen gara. Baina lan honetan Hau Pittu Hau ez dago bakarrik. Beranduago sortu baziren ere, hor daude beste bi konpartsa euskaldunak: Abante eta Algara. Hori seinale ona da, eta guztiz pozgarria, Bilbon proiektu euskaldunen inguruan gero eta euskaldun gehiago batzen baikara.

Hala ere, oraindik ezin dugu esan Bilbo euskaldun batean bizi garenik. Zoritxarrez, Euskal Herriko hiririk handienean askotan Espainia sakonean gaudela ematen du. Eta hori jaietan askoz nabarmenagoa da. Bilboko jaietan euskara eta euskal kultura oraindik ere baztertu egiten dituzte leku anitzetan. Eta zergatik gertatzen da hori? Bi arrazoi nagusi daude.

Alde batetik, euskara eta euskal kultura baztertzen duten agintari eta eragile espainol asko daude Bilbon. Beraien botere-guneetatik jai ez-herrikoiak eta espainolak inposatzen dizkigute. Horrelako pertsonaientzat euskara bigarren mailako hizkuntza da, eta horrela tratatzen dute. Espainiako kultura gurea izango balitz bezala zabaltzen dute, gure herriko ondareak edozein txoko ilunetan folklorikoki utziz. Pertsonaia horien artean, zalantzarik gabe, eragin handiena duena Azkuna alkatea da.

Beste alde batetik, euskara jakinda espainolez hitz egiten dutenak ere aipatu behar ditugu. Horrelako pertsonaiek ere gure jaiak espainolizatu egiten dituzte. Gainera, horien artean, abertzaleak omen direnak ere topa ditzakegu. Zein motatako herria eraiki nahi dute horiek? Zalantzarik gabe, borrokaz okertu direla esan behar zaie, euskararik gabe ez baitago Euskal Herririk.

Beraz, holako elementuei aurre egin eta jaietan euskara erabiltzera dei egiten zaituztegu. Jai giroan ere gure hizkuntza eta kultura defenditu behar ditugu. Bilboko jaietan euskaldunak garela erakutsiko dugu. Lehenengo hitza, euskaraz!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo