GARA > Idatzia > Euskal Herria

Teknika bereziei esker barregarri gelditzeko beldurra gainditu eta hizlari ona izaten ikastea badago

Jendez betetako gela erraldoi baten aurrean hitz egitea eta zer esan jakin gabe geratzea da pertsona gehienek duten beldurretako bat. Beldur eszeniko izenez ezagutzen da eta ez du zerikusirik lotsatia izatearekin, pertsona irekiek ere sufritzen baitute. Ondoeza sortzen duen egoera bada ere, ondo hitz egiteko teknikak erabiliz, gainditzeko modukoa da.

p015_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Hizlari ona ez da jaiotzen, sortu egiten da. Hori da Aiuola Perez Urresti irakasleak hasieratik argi utzi zuen ideia. Zortzigarren urtez Euskal Herriko Unibertsitateak ondo hitz egiteko tailerra gehitu du bere udako ikastaroetan, eta ohi bezala, sekulako arrakasta izaten ari da Perez Urrestiren zuzendaritzapean.

Ikastaroa atzo hasi zen, eta partaideek beste hiru egun dituzte aurretik profesionalek emandako gomendioei esker jendaurrean, irratian edo telebistan primeran mintzatzen ikasteko. Hala, tresna egokiak erabiliz, edonork gainditu ditzake zailtasunak eta hizlari bikain bilakatu daiteke.

Jendaurrean hitz egiterakoan sortzen den arazorik ohikoena beldur eszenikoa da, esaterako, bereziki hitzaldi bati garrantzia ematen diogunean sortzen den beldurra. Sintoma oso nabarmenak ditu, eta mundu guztiak sumatu ditu noizbait: izerditzea, ahoa lehortzea, dar-dar egitea, gorritzea... Baina zorionez, beldur eszenikoa gainditzea badago, eta Perez Urrestik, Angel Lafuente Zorrilla oratoria garaikideko adituaren laguntzarekin, jendearen aurrean ondo hitz egiteko gakoak eman zituen atzo.

Entzuleak barkatuko ditu hanka sartzeak, gauzak ahaztea edota erabilitako teknologiak huts egitea, baina bere denbora galaraztea ez du sekula barkatuko. Bestalde, hizlaria eroso ez dagoenean, entzuleak nabaritzen du konfiantza falta hori eta hitzaldia lehenbailehen amaitzea nahi du. Horregatik oso garrantzitsua da nor berak kontatu nahi duena aurretik ondo pentsatu eta prestatzea, aurkezpena egitean gaiaren nondik norakoak argi izateko, eta haria galduz gero, gaira itzultzea posible izateko.

Bestalde, urduritasunak adi egoten laguntzen duen arren, lasai egoten saiatzea beharrezkoa da. Lasaitasuna gorputzaren jarrerarekin transmititzen da, gehiegizko keinuak ekidinez eta poliki eta argi hitz eginez. Hizlariak ez du ordenagailu pantaila baten atzean ezkutatu behar, eta teknologiak behar izanez gero, hobe du albo batean kokatzea. Egokiena, jendaurrean zuzenean agertzea. Zutik edo eserita, jendeak hizlaria ikusi egin behar du, bestela arreta galtzeko arriskua dagoelako. Gainera, begirada entzuleengan jartzea ere lagungarria da ideiak entzuleengana iristeko. Norbaiti begira hitz eginez gero, pertsona horrek adi entzungo du.

Hitzaldia eman behar duenak gogoko izan behar du azaltzera doan gaia, baita entzuleak ere. Hori aurkezpenak egiterakoan nabaritu egiten da, eta jendea harrera ona egiteko prest agertuko da.

Isiltasuna, komunikatzeko tresna

Lafuente Zorrillak hitza hartu bezain laster, entzule guztien arreta erakarri zuten bere ahotsaren gorabeherek. Pausaldi luzeak egiten zituen esaldien artean, eta oso ondo ahoskatzen zuen. Hizlari perfektuaren paradigma zen. «Isiltasuna menperatuz gero, ezinezkoa da hitza ez menperatzea», azaldu zuen adituak.

Beraren ustez, esaten dena baino garrantzitsuagoa da, askotan, esaten ez dena. Horregatik, adierazi zuen denbora gutxi dagoenean hobe dela ideia bakarra ondo azaltzea, gainetik asko azaltzea baino. Horrela, nahiz eta informazio osoa ez jaso, entzuleak etekina atera duela nabarituko du.

Pertsonaz beteta dagoen gela batera sartzerakoan, isilik, arretaz begiratzen dio bakoitzari, enpatia sortzeko ahaleginetan. Hitz egiterakoan haria galtzen badu, isilik gelditzen da une batez, bere buruan hitz egokia topatzen duen arte. Ideia garrantzitsu bat botatzen duenean ere, isilik gelditzen da hura azpimarratzeko.

Isiltasuna garrantzitsua da, baina ondo erabiltzen ikastea zaila da. Horregatik, bi adituek, jende askoren aurrean hitz egin baino lehen, pixkanaka, eguneroko egoeretan besteen aurrean hitz egitea gomendatzen dute. Behin isiltasuna erabiltzen ikasita oso baliagarria suertatu daiteke.

Edozeinek izan ditzake akatsak, baina EHUren tailer honen helburua horietatik ikastea da, eta berriro ez egitea. Hizlari ona izateko bidearen lehen pausoa iraganean egindako hutsetan ez pentsatzea da. Denbora osoa emanez gero aurretik egindako hanka-sartzeetan pentsatuz, berriro egiteko beldurra sortzen da, barregarri gelditzeko beldurra, eta hori da ekidin beharrekoa.

Hizlari askok, irakasleek adibidez, materia irakurtzeko ohitura dute, ezer gehiago azaldu gabe, intonazio egokia eman gabe eta esaten ari direna ulertu gabe. Horregatik, egokiagoa da gaia lehendik prestatzea eta ulergarriagoa egitea, bestelako baliabide osagarriei esker adibideak jarriz. Entzuleekin harremana izateak ere lagundu dezake, bakoitzaren izena ikasiz edo euren arazoak aintzat hartuz azalpenak ematerakoan.

Hitzaldi bat egiterakoan konfiantza handia ematen dio hizlariari bere buruarekin ondo sentitzeak eta lasaia egoteak. Gomendagarria da hitzaldiaren hasiera eta bukaera idatzita izatea. Horrela, ondo hastea ziurtatzen da, eta behin martxa hartuta errazagoa da jarraitzea. Ondoren, denbora amaitzen ari denean, esandakoaren laburpen bat egin behar da, eta amaitzeko prestatutako bukaera erabil daiteke, ondorio borobil bat izateko. Jarraian, txaloak jasotzea besterik ez da geldituko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo