Matxinoek lau diputatu eta beste 24 lagun hil dituzte Muqdishon
Hogeita hamar lagun, tartean lau parlamentari, hil zituzten atzo Muqdishon Somaliako Al Shabab matxino islamistek. Somaliako Presidentetzaren eta Parlamentuaren egoitzetatik gertu dagoen hotel baten aurka egin zuten erasoa. Afrikako Batasuneko Amisom misioko soldaduei esker behin-behineko Gobernuak ustez kontrolpean duen Muqdishoko auzo batean kokatzen da hotela. Al Shabab matxinoek Somaliako edozein tokitan eraso dezaketela frogatu zuten.
Mustafa HAJI ABDINUR (AFP) |
Berriz ere tiroketa bortitzak izan ziren atzo goizean Muqdishon, eta dozenaka zibil hil ziren Al Shabab izeneko matxino talde islamista Somaliako Gobernuaren eta Afrikako Batasuneko (Amisom) soldaduen kontra egiten ari diren erasoaldiaren bigarren egunean.
Somaliako hiriburuko hotel baten aurka ustez matxino islamista armatuek egindako erasoak hildako ugari eragin zituen, tartean Somaliako lau parlamentari, segurtasun arloko arduradun batek esandakoaren arabera.
Lekukoek azaldu zutenez, bi matxinok egin zuten Gobernuko agintariak biltzen dituen Presidentetzaren jauregitik gertuko Mona hotelaren aurkako erasoa. «Tiroketa bortitzak izan dira gaur goizean [Muqdishoko] barrutiko hainbat tokitan», argitu zion France Presse agentziari Gobernuko tropen arduradun batek, Mohamed Omar koronelak.
«Artilleria erabili dute bata bestearen kontra», adierazi zion, berriz, France Presse agentziari Muqdishoko anbulantzia-zerbitzuko arduradun Ali Muse Mohamoudek.
«Astelehenean hasi zenetik, gutxienez 29 zibil hil dira erasoaldiaren ondorioz. Horrez gain, gure talde medikuek 98 zauritu bildu dituzte borrokak izan diren auzoetan», gaineratu zuen Musek.
Somaliako behin-behineko Gobernuak hamabost zibil hiltzea egotzi dio Al Shababi, Gobernuaren aldeko eremuan biztanleak zeuden auzoetara mortairuak botaz. Jaurtigai horietako batek errefuxiatu eremu bat jo du, behin-behineko Gobernuak dioenaren arabera.
«Gure indarrek kalte handia eragin diote etsaiei. Dagoeneko, hamabost erasotzaile hil ditugu», esan zuen Omar koronelak.
«30 lagun hil dituzte Mona hotelaren aurkako erasoan. Horietatik sei Somaliako Parlamentuko kideak dira eta beste lau Gobernuko goi mailako funtzionarioak», adierazi zuen lehen ministroorde Abdirahman Haji Adab Ibbik. «Beste hogei biktimak zibil errugabeak dira», gaineratu zuen.
Mona hotela Somaliako Presidentetza biltzen duen Villa Somaliatik eta Parlamentuaren egoitzatik gertu dago. Frontetik urrun eta teorian behin-behineko Gobernuak segurtzat jotzen duen eremu batean dago. Duela gutxi berritu dute eta behin-behineko Gobernuko goi karguak eta diputatuak maiz biltzen dira bertara.
Matxinoek hoteleko gela eta komun guztietako ateak txikitu zituzten. Hasieran guardiak hil zituzten. «Gero jende guztiaren kontra hasi dira tiroka. Ezinezkoa zen handik alde egitea! Zorte handia izan dut nik. Ikusi naute baina leiho batetik saltatzeko aukera izan dut eta bizirik nago», kontatu zuen hoteleko langile Adan Mohamedek.
«Erabateko izua nagusitu da. Hiltzeko jende gehiago ez zutela ikusi dutenean, terrazara igo dira erasotzaileak eta hotelerantz zihoazen segurtasun indarren kontra hasi dira tiroka», gaineratu zuen lekuko horrek.
Al Kaedarekin lotura dutela nabarmentzen dute Al Shabab taldeko matxino islamistek. Muqdishon erasoak egiten dituzte noizbehinka, «kristau inbaditzaile eta Gobernu arnegatuaren kontra».
Al Shababek Somaliako erdia eta hegoaldea kontrolatzen ditu. Behin-behineko Gobernuak, berriz, soilik Muqdishoko auzo batzuk kontrolatzen ditu, Amisom misioko 6.000 soldaduen sostenguari esker.