GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Polemikaren erdian, ordain garestiena zein den gogorarazi du Estatu frantsesak

Espero izatekoa zen, ez baita lehenbizikoa izan, eta berandutu gabe iritsi da. Izan ere, Mauritanian Magreb Islamikoko Al Kaedak bahitutako bi kooperante kataluniarrak aske geratu bezain laster piztu zen haien askatasuna lortzeko moduaren gaineko polemika. Edonork irudika zezakeen negoziaketa bidez lortuko zutela, eta negoziaketa batean bi aldeek zerbait lortzen duten bezala, beste zerbait galtzen dutela. Edonork daki Estatu espainolak bezala munduko edozein estatuk negoziaketa bidez konpondu dituela horrelako egoerak. Eta edonork daki, halaber, bide militarrari ekin diotenean, gehien-gehienetan emaitza txarra, txarrena, izan dela. Hala gertatu zen uztailean Estatu frantsesak erakunde berberak bahitua zuen herritar bat askatzeko egin zuen operazio militarrak huts egin zuenean. Eta atzo, polemikaren erdian, Paris kexu agertu zen, erakunde horrek ez ziola negoziatzeko aukerarik eman esanez. Beharbada Gobernu frantsesak bere burua zuritu beharra du kataluniarrak aske ikusi ondoren; baina, bide batez, emaitza ona estatuak «amore ez ematea» baino ez dela aldarrikatzen dutenei beren bideak ordain garestiena duela ohartarazteko ere balio beharko luke Parisen kexuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo