GARA > Idatzia > Kirolak> Saskibaloia

Bilbao Basketeko eta Lagun Aroko jokalarien aurkezpena

Jackson eta Baron jokalari berriak hemen daude

Lagun Arok Baron estatubatuarra aurkeztu zuen, eta Bilbao Basketek, berriz, Jackson.

p036_f01_149x109.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskal saskibaloi taldeek, Bilbao Basketek eta Lagun Arok, atzo aurkeztu zituzten beren azken fitxaketak, hurrenez hurren, Aaron Lee Jackson eta Jimmy Baron.

Donostian, prentsaren aurrean agertu zen atzo Baron estatubatuar hegalekoa, urrutiko jaurtiketetan iaioa, eta hastear den denboraldi honetarako Lagun Aroko izar berria.

Donostian jokatzeko aukera dela-eta oso pozik dagoela adierazi zuen jokalariak, eta Turkian egindako lana talde gipuzkoarrean hobetzea duela bere asmoa. Turkian hark egindako lanaren emaitza ona nabarmendu zuen Pablo Lasok, Lagun Aroko entrenatzaileak, eta gaineratu zuenez, jokalariak urrutiko jaurtiketak egiteko duen trebeziari etekina atera nahi dio taldeak.

«Jimmy fitxatu izanarekin oso pozik nago, talde bat sortu nahi duzunean hobetzeko asmoa duzulako. Bera ekartzea erabaki ezin hobea da, zelaia handituko digulako», esan zuen Lasok. Gipuzkoarren taldea osatuta eta itxita dago jada; halere, astelehenean, lehen entrenamenduan, Andy Panko, Mohamed Kone eta Tskitishvili jokalariek ez zuten parte hartu, lehenengoak, aita izan berri delako, eta beste biek, Munduko Txapelketa prestatzen ari direlako.

Bien bitartean, Bilbon, Aaron Lee Jackson Bizkaia Bilbao Basketen jokalari berria aurkeztu zuten. Estatubatuarrak Javi Salgadoren lekua beteko du, eta fitxatu aurretik talde bilbotarrari buruz gauza handirik ez zekiela onartu bazuen ere, deskubritu ostean, hona etortzeagatik «harro» dagoela gaineratu zuen.

NBAn jokatzea, ametsa

«Gogor lan egitera etorri naiz, entrenatzaileak eskatzen didana egitera eta pertsonalki eta profesionalki hobetzera. Nire gain konfiantza handia daukat», adierazi zuen Jacksonek. Jokalariak onartu egin zuen NBAn jokatzea bera ametsetako bat dela, baina bere ibilbidea Europan bukatzeko aukera ez duela baztertzen aitortu zuen.

Bilbao Basketen entrenatzaileak, Fotis Katsikarisek estatubatuarrari buruz hitz egin zuen, eta taldearentzat «oso jokalari garrantzitsua» izango delako, eta bere lana «ondo egingo» duelako ziur dela adierazi zuen.

«Nahi ditugun ezaugarriak ditu. Aktiboa, azkarra, oso altua bere posiziorako eta explosiboa. Motibatua ikusi dut eta taldera azkar moldatuko dela uste dut», adierazi zuen Katsikarisek.

«Bere paseak harritu nau, oso ondo egiten du. Gainera pistan primeran korrika egiten du eta taldeari behar duen abiadura emango diola pentsatzen dut. Baina garrantzitsuena mentalitatea da, argia da», esan zuen entrenatzaileak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo