Mexiko, Guatemala, Kolonbia eta Txileko zazpi film aurkezgai Zinema Eraikitzen sailean
GARA | DONOSTIA
Zinema Eraikitzen ataleko 18. jardunaldietan Mexiko, Guatemala, Kolonbia eta Txileko zazpi film aurkeztuko dituzte irailaren 21ean eta 22an Zinemaldian.
Bernardo Arellanoren «Entre la noche y el día» eta Kyzza Terrazasen «El lenguaje de los machetes» (Mexiko), Jose Luis Sepulveda eta Carolina Adriazolaren «Mitómana» (Txile), zein Gabriel Rojas Veraren «Karen llora en un bus» eta 2008an Horizontes Latinos sailean «Perro come perro» aurkeztu zuen Carlos Morenoren «Todos tus muertos» (Kolonbia), lehenbiziko aldiz aurkeztuko dira Zinema Eraikitzen sailean. Iria Gomez Concheiroren «Asalto al Cine» (Mexiko) eta Sergio Ramirezen «Distancia» (Guatemala) lanek aldiz, bigarren aukera izango dute Zinemaldian -muntaketa berriekin hartuko dute parte-.
Zinema Eraikitzen urtean bitan antolatzen dute Donostia Zinemaldiak eta Toulouseko Rencontres Cinémas d'Amérique Latine jaialdiak, Latinoamerikako zinemari laguntzeko helburuz. Aurten, orotara 19 herrialdetako 97 proiektu jaso dira.