GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Iñaki Etaio Argentinan dauden Askapeneko brigadisten izenean

Askapen nazional eta soziala Argentinan, 200 urte geroago

 

Badira 200 urte 1810eko maiatzeko iraultza izan zela, eta haren ondorioz, 1816an Argentinar Errepublikaren independentzia aldarrikatu zen. Geroztik gauza asko gertatu dira eta guztiak kontuan hartu beharrekoak dira gaur egungo egoera ulertzeko (peronismoa, jatorrizko herrien egoera, 1976ko golpe militarra, mugimendu iraultzaileak, corralito delakoa...).

Gaur egungo egoera 1976. urteko golpe militarrak bultzatutako modelo neoliberalaren krisiaren ondorioa da, 90eko hamarkadan jarraipena izan zuena. 2001eko mugimendu herritarrak eragin zuzena izan zuen gobernu ustel, politika neoliberalen bultzatzaile eta herriaren nahi eta beharrei erantzuten ez ziena kanporarazteko garaian. Hego Amerikako beste lurralde batzuetan bezala, Argentinan ere errepresentazio krisi horrek eztanda egin zuen eta hainbat prozesu irekitzen hasi ziren, maila eta herriaren parte-hartze ezberdinekin.

Orain arte mugimendu herritarra handia izan bada ere, ez da lortu Gobernuaren politika sozial eta ekonomikoak aldatzea. Hala ere, Kirchner-en Gobernuak behartua ikusi du bere burua martxan jarritako politika neoliberalak politika sozial balira bezala mozorrotzeko.

Uztailaren 30ean Askapeneko brigada Argentinara iritsi zenetik, modelo kapitalistaren ondorioz bertan bizi den egoera aurrez aurre ikusteko aukera izan dugu, 200 urte geroago Argentinak kolonialismo espainiarra ordezkatu du kapital multinazionalek (BM edo FMI) bultzatutako inperialismoarekin.

Hamabost egun hauetan zehar hainbat eragile sozial, politiko eta sindikalen bitartez (Convocatoria por la liberación Nacional y Social, Asociación de Trabajadores del Estado, Organización Libre del Pueblo, Frente Popular Dario Santillán, Frente de Organizaciones en Lucha...), Askapeneko brigadak aukera izan du modelo neoliberal honen aurrean alternatibak eskaini eta borrokatzen den mugimendu oso bat ezagutzeko. Langabezia eta prekarietate egoera oso hedatuta dago Argentinako hainbat gizarte sektoretan, eta hau eredu neoliberalaren ondorio zuzena da. Hemezortzi milioi pertsonak osatzen dute herrialde honetako biztanleria aktiboa, eta horietatik 6,5 milioi soilik azaltzen dira enpresetako erregistroetan, eskubide gutxi batzuen jabe direlarik. Argentinan asko dira desberdintasun egoeran bizi diren pertsonak. Desberdintasun egoera hauek areagotzen ari dira eta horren adibide dira hiri handien inguruko auzoetan sufritzen dituzten bizi baldintza eskasak. Ezin ahatz ditzakegu Maputxe edo Guarani jatorrizko herriak, besteak beste. Horiek egunero beren lurra eta kultura defendatu behar izaten dute multinazional handiek desagerraraz ez ditzaten.

2001eko krisiari aurre egiteko hainbat borroka martxan jarri ziren, eta borroka horien ondorio dira gaur egun dauden hainbat eragile politiko, sozial eta sindikal, justizian eta elkartasunean oinarritutako eredu baten alde borrokatzen direnak. Piquetero-ek auzoetan egiten duten borroka, enpresa berreskuratuak, herri eskolen sorrera edo beren eskubideen aldeko jatorrizko herrien borrokak Argentinan sortzen ari diren alternatiba horien guztien adibide dira.

Gaur, 200 urte igaro eta gero, askapen nazional eta soziala lortzeke dago, eta antolatzen hasi diren hainbat alternatibaren beharra dago. Beraz, esan dezakegu askapen nazional eta sozial hau Argentinan gero eta gertuago dagoela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo