GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maite Ubiria Kazetaria

Claire izeneko andere baten argitasuna

Baionako San Andres plazari begira dago Hotel des Basques. Azken urteotan apaldu da bere ganbera zein korridoreetan lehenengoan zegoen mugimendu azkarra. Urte goxoetan, ordea, barnealdetik etorria zen Haran familiak, sukaldearen usaina lagun, jende anitz erakarri zuen luzaro bertara.

Gelaz gela hamaika istorio gordetzen ditu hotelak. Belarria paretaren kontra jarriz gero, euskaltzale eta abertzale frankok izan zituzten eztaida sutsuetako oihartzuna entzuteko aukera handiak dira.

Azkenaldian higiezin merkatuaren zurrunbiloan sartzeko zorian izan da Hotel des Basques. Jabeak aurrealdean zintzilikatu afixak kalkulagailua martxan jarri zuen. Unibertsitatearen ondoan izanki, lau estaietako eraikina ikasleen egoitza bilakatzeak dirua azkar irabazteko aukera eskaintzen zuela pentsatu zuen inbestitzaile batek. Baiona Tippian apartamentu sorta dotore bezain saltzeko kario pagotxa irudikatu zuen, bestalde, eraikitzaile batek.

Zorionez, higiezin-bulegoek ez dute, oraingoan, parioa irabazi. Hartara, Claire Haranek bere burasoek urtetan eman zuten lan gogorrari bestelako segida ematea deliberatu du. Diru eskaintza interesgarriak errefusaturik, historia txikiz beteriko hotelak herriaren Historian sartzeko moduko erabakia hartu berri du.

Hotel des Basques horretan Enbatak haize berriak ekarri ditu. Lana ez da faltako garai batean egoitzak agertzen zuen distira berreskuratzeko, baina laster batean berriz ere kalakak entzuten dira San Andres-eko elizatik bueltan. Hoteleko bisitari berriak latinez mintzo jarri nahi lituzke Baionako apezpikua tradizionalistak. Alta, Claire izeneko andere batek egin duen hautu argia dela medio, hoteleko apopilo berriek euskaraz jardunen dute, ziur.

Seaskaren eskutan utzi du eraikina, Hotel des Basques hura... behin betiko Euskaldunen Hotela bilakatu dadin. Ur korrontea segitu ordez, ipar-orratzari finki heldu dio Claire Haranek. Hala ere, oparia dohakoa ez da, horren truke jabe berriak tamainako engaiamendua hartu baitu: Baionako bihotzean euskarari taupada berria emateko desafioa aitzina eramatea, alegia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo