GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

BPG goian bego!

Han-hemenkako jaien zurrunbiloan dago uda ofizialaren hondarra sartuta. Herri askotan jaia eta jaiaren ingurukoa bera ulertzeko modu bi dira aurrez aurre, gero eta nabariago, plazan batzuena eta balkoian besteena. Gauzak horrela, gero eta ohikoagoa izan liteke batzuen jai-egitarauan aste barruko egun oso bat propio hutsik uztea, zuriz, plazako jai-esparru hutsa beltz salatzailearen esku utzita. Eta litekeena da ere besteen jai-egitarauan leku bat propio uztea mendi-martxa baterako, hots, herritarrek manifestatzeko duten eskubidea ez dadin balkoitik ikusi, ikusezina izatearena beltzen esku utzita beti ere. Hau kolpea!, manifestatzeko eskubideari edukia berritu berri diote, berrikuntza garaian gaudenez gero! Dagoeneko, jai-udan sikiera, ez da eskubiderik izango hiri erdiko kale nagusietatik lelo baten atzetik tropelean ibiltzeko; periferiako kaleetara jo beharko da eskubidea gauzatzeko, eskubidedunak mendi aldera bultzatuz.

Berriro ere, ostera ere, zentroa eta periferia aurrez aurre, jaiak ulertzeko moduok diren bezala. Zentroak periferia behar du, halabeharrez, zentroa izaten segitzeko; periferiak, berriz, zentroa deuseztatu behar du, derrigorrean, bazterra izateari behingoz uzteko. Noiz edo noiz ganorazko mundua lortuko bagenu, inon ez da periferiarik izango, leku guztiek izango baitute eskura zentro izateko behar duten guztia. Egun horretan lekuan-lekuan jai-egitarau bakar zabala izango da, plazaz plaza.

Gaur gaurkoz bestelako zentroak dira utopia gauzaezin bihurtzen dutenak: finantza-zentroak, gobernuak berak, ustezko zuzenbide estatuak barne, periferia hartzen dutela. Kontuak atera zer hartzen duten zentro horiek gobernuok periferia hartzen dutena! Hortaz, ez da harritzekoa BPGren han-hemenkako gorabeherak izatea albistegien siglarik aipatuenak, gurean behintzat beti ere ETArenen ostean, jakina. Tira, harira! Txileko iparraldeko eremu latz hartako nonbait, baina lurpeko sakonean beti ere, meatzari modura jaitsi ziren hainbat pertsona dira orain egun batzuk atrapatuta, mearen ondoko gangak bahituta. Hiru bat hilabete itxaron beharko dute argia berriro ikusi arte; negoziazioa, nonbait. Ez dakit horri itxaropena deitu behar zaion. Baina bitartean, sakoneko periferia hartatik erauzitako mearen kontura ari da BPG han-hemengo lurrazaleko zentroetan dantzan. BPG goian bego! Meatzariak behean badira ere!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo