BERRIA Koldo Aldabe 2010/8/25
Ez daude geldi
Batzuek nahi baino astiroago eta besteek nahi baino bizkorrago izan arren, mugituz doa korronte ezkertiar eta independentistak bat egiteko prozesua. Eta iristen bada, batzuek nahi baino astiroago eta besteek nahi baino bizkorrago iritsiko da egitasmoa helmugara, bidean gainditu beharreko harri, hesi eta traba handiagoak izango ditu eta.
(...) Batzuek nahi baino diskrezio handiagoz eta besteek nahi baino oihartzun handiagoz, elkarrizketak egon badaude, egon dira eta egongo dira.
Jakin da eta baieztatu dute elkarrizketak egon badaudela. Ikusi da elkarrizketak egin dituztenen artean badagoela konpromiso bat aurrera egiteko; ikusi da ezker abertzalearen alde ere agertu direla hainbat herritan erretako zaborrontziak direla-eta eraso diotenean. Hor dira besteak beste Patxi Zabaletak, Niko Morenok, Rafael Larreinak eta Oskar Matutek egunotan egindako adierazpenak.
Beste aldean ere, batasun horren aurka daudenen artean, ikusi da mugimendu horrek sortu dien kezka. Nafarroako Gobernuko bozeramaile Alberto Catalanek astelehenean egindako adierazpenak, Madrilgo El Mundo egunkariak ETAren balizko «su-eten tranpaz» atzo eginiko iragarpena eta iragarpen horri buruz PPk egindako interpretazioa dira azken laginak.
Urduritasuna ikusi da alde batean edo bestean kokatu ez denaren edo nahi ez duenaren aldetik ere, kokatu beharra iritsiko zaion unearen zain.
Bizkorrago edo astiroago, askok nahi duten eta beste askok beldur dioten prozesua baita aurrera eraman nahi dena.