DEIA Pili Kaltzada 2010/8/23
Zonbiak
Nazio Batuen Erakundeak aldarria jo arren, laguntza eman dezaketen herri boteretsu edo dirudunak ez dira esnatu. 360 milioi dolar behar ditu Pakistanek uholdeen lokazpetik ateratzen hasteko, baina erdira ere ez omen da iritsi orain arte bildutakoa. Zenbatezinak dira hildakoak eta kaltetuak; orain artekoak eta laster gerta daitezkeenak, urpean geratu baitira edozein herrik, edozein herritarrak aurrera ateratzeko nahitaezkoak dituen laboreak eta abereak, itxaropenak eta etorkizunak. Horiek gabe ez da biziko pertsona, ez bada noraezean dabilen zonbiaren gisa.
Laguntza-eskea ez ote duzue entzun?, galdetzen dute. Entzungor egiten ari zarete berriro?, esaten dute. Suerte txarreko tragedia izan da: nori bururatzen zaio uholde bortitzak pairatzea mundu zibilizatua oporretan dagoenean? Berriro ez gertatzeko, nolabaiteko manuala behar da, gomendio-liburua edo, oinarrizko hutsegiteak saihesteko. Lehena, «noiz»: larrialdirik izatekotan, ez dadin uztaila edo abuztuan izan (eta aukeran, baztertu ere futboleko munduko txapelketak edo joko olinpikoak), zeren eta data horietan deseroso gertatzen baitzaigu geure burua ez den beste ezer atenditu behar izatea. Bigarrena, «zer»: askoz hobe lurrikara indartsu bat uholdeak baino, askoz deigarriagoak direlako lurrak dar-dar egindakoan iristen zaizkigun irudiak. (...) Mina ikusi egin behar dugu, bere gordinkerian.
Zonbiek hartu dute gure planeta, zonbi bihurtu gara. Itxura guztien arabera, bizirik gaude, zeren eta alde batetik bestera ibiltzen gara, kontsumitu egiten dugu, jan eta edan egiten dugu eta oporretara joaten gara. Hau da, oinarrizko estimuluei erantzun egiten die gure gorputzak, eta horrek esan nahi du oraindik ez zaizkigula erabat uzkurtu muskuluak, eta odolaren jarioak bere horretan jarraitzen duela. Teknikoki ez gaude hilik, baina gutxi falta zaigu.